Inaugurazioa maiatzaren 18an 20:00retan
Gonbidapen bat
Ibone Bengoetxea
Azken hamabi urteetan, berrehun artista inguruk parte hartu dute Bilbao Arte Fundazioak BBKrekin lankidetzan sustatzen duen beka-programan. Bekadun pertsonek beren ibilbidean zehar utzi dituzten aztarna ugarietatik jaio da Fundazioko artelanen bilduma. Eta legatu horretatik, esperientzia artistiko bakar eta oparo horren isla, Estaciones izeneko erakusketa hau sortu da.
Bilduma artistiko oso berezi bati buruz hitz egiten ari gara, Bilbao Arte Fundazioan munduratu ziren obra, pieza eta proposamenek osatzen baitute. Hemen sortu eta hemen eraiki ziren. Hemen hartu zuten nortasuna eta hemen diraute urte hauetan zehar, Bilbao Arte Fundazioaren historiari zentzua, sentimendua eta itxura eman dioten bekadun bakoitzaren sorkuntza-prozesuaren erreferentzia gisa.
Obra horiek balio bikoitza eskaintzen dute guretzat. Izan ere, beren kabuz balioa izateaz gain, kontatzeko erantzukizuna ere badute, hau da, egileak hemen egon ziren bitartean nolakoak izan ziren eta zein lurraldetan mugitzen ziren isla-tzen dute. Gure historia nolabait obra horietan guztietan idatzita dago.
Estaciones izeneko erakusketa honen eduki zehatzari dagokionez, bere komisarioaren irakurketa pertsonal eta sortzailea dugu aurrean. Petra Joos Guggenheim Bilbao Museoko Jarduera Museistikoen zuzendaria da eta hamasei artelanetik pasatzen den ibilbidea proposatu digu, irizpide zehatzei jarraiki.
Hamasei “estazio”, hamasei artista, duela gutxiko iraganean sortu diren eta orain eta hemen beren egileen orainaldiarekin uztartzen diren proposamenen bidez ordezkatuak, sorkuntzaren aldakortasunari eta sortzeko ekintzarekiko konpromiso artistikoa eratzen duen ibilbide jarraitu horren etorkizunari buruzko hausnarketa adimentsua ezartzeko.
Beraz, erakusketa bat baino gehiago da. Oroimen horien atzean ezkutatzen den esanahia erakusteaz gain, artelanen eta beren egileen, ekintzaren eta pentsamenduaren arteko elkarrekintza berri baten testuingurua islatzen dute, ezin zitekeenez bestela, sormen artistikoaren jaioterria den espazio honetan.
Hori dela eta, hitzordu honekin batera hainbat topaketa egin nahi dira, hemen bildutako artistetako batzuekin. Paradigma desberdinen pean deitutako topaketak izango dira eta horien bitartez elkarrizketak partekatu ahal izango dira. “Performance-aren subjektibotasuna”, “Fikzioen eraikuntza” eta “Nortasun-espazioak” mintzagai dituzten elkarrizketak, hain zuzen ere. Artistikoki izan ginena eta izan nahi duguna hedatzeko eta berreskuratzeko gaiak.
Gonbidapen hau Bilbao Arte Fundazioaren izaera ikusteaz ez ezik, izaera horren partaide edo bizilagun izateko da.

















































