«UNLID»

Tania Blanco

10/26 – 11/17

Ast-ost 17:30etatik 20:30ra

2017ko urriak 26an, 19:30etan, 2016eko artista bekaduna izan zen Tania Blancoren «UNLID» erakusketa inauguratzen dugu BilbaoArten. Erakusketa hau astelehenetik ostiralera egongo da irekita, urriak 26tik azaroak 17ra, 17:30etatik 20:30etara. Sarrera doan.

Unlid (2016-2017) oso proposamen kritikoa da elikadura-industrializazio prozesuarekin eta horrek janaria ekoizteko eta banatzeko era berriekin duen loturarekin; horiek, post-egiaren garaian marketing eta publizitatearekin elkar hartuta, proposa ditzakete kontsumo-gai jakin batzuk erostean oinarritutako identitate eta bizimodu espezifikoak, eta aldi berean ezkutatu osasunerako zer arrisku dakartzaten eta zer esplotazio-baldintzetan ekoizten diren sarri.

Tania Blancok proiektu honetan laburbiltzen ditu aztertu ditugun bi kezka handi horiek. Batetik, nekazaritzako elikagaien industriaren dimentsio biologikoa; haren oinarri dira, batetik, transgenikoen eta agrotoxikoen teknologiak eta, bestetik, jakite zientifikoaren konfiantza guztiz antropozentrikoa, naturaren prozesuetan parte hartzen duten aldagai guztiak kontrolatzeko gai balitz bezala; kezka honek aurrerapen tekno-zientifikoarekiko eta hura naturatik urruntzearekiko kezkara garamatza. Bestetik, askotariko beren estrategien bidez marketingak eta publizitateak negozio horri eskaintzen dioten informazio-manipulazioak lotura du informazioaren kontrolaren eta egia sortzeko teknologien arazoarekin. Unlid lanean proposatutako diskurtsoaren atzean, nire iritziz, bada politikoa sentitzeko eta pentsatzeko modu bat da, ekologismo, feminismo eta horrelako pentsamendu kritikoen oinordekoa dena; horiek, eguneroko errealitatea eta publikoaren eta pribatuaren arteko loturen azterketa oinarri hartuta, herritarren konpromisoari eta jarduteko gaitasunari balio handiagoa ematen diete, eremu pribatua gizarte-aldaketarako eremutzat joz.

Unliden komunikazio-estrategia “Documentos inesperados en una sala de espera” lanean erabilitakoaren antzekoa da: errealitatearen objektuak (lan hartan mota guztietako agerkariak ziren, eta honetan, edozein supermerkatutan edonork eskura ditzakeen produktuak) kontsumo-eremu batean berregin, eta objektuak transmititzen duen diskurtsoa kritika-helburuarekin desitxuratzea. Gainera, Unlidek aipu egiten die elikagaiak ekoizten edo banatzen dituzten markei (Lidl, Mercadona, Roundup, Kellog’s…): haiekin hitz-joko ironikoak edo logoarekin txantxa grafikoak egiten ditu, publizitatearen kontrako komunikazio-estrategia batean, brandalism eta antzeko gaur egungo mugimendu ekintzaileetatik gertu.

 

Nacho París

Tania Blanco gaur egun Londresen bizi eta lan egiten du. 2017an aukeratu zuten hiru urtez parte hartzeko Royal Academy of Arts-en sormen artistikoaren Graduondo Programan. Tania Blanco San Carlos Arte Ederretako Fakultatean (Valentzia) lizentziaduna da (2001); Middlesex Universityn (Londres) egin zuen ikasketen zati bat.

Ikasketak amaitu ostean, arte-egonaldietan parte hartu du, eta hainbat beka jaso ditu: Pollock-Krasner Foundation Grant beka (New York, Estatu Batuak), Velázquez-en Etxearen urteko egonaldi-beka (Académie de France à Madrid-Valentziako Udala), BilbaoArte Fundazioaren arte-ekoizpeneko beka, Fundación Especial Caja Madrid-en beka (Generaciones 2014), Bogliasco Foundation-en egonaldi-beka (Liguria Arts Center, Genova), Caixa Galicia Fundazioaren arte-sormeneko beka, Alfons Roig bekaren XX. edizioa (Valentziako Diputazioa), Espainiako Kultura Ministerioaren Formarte egonaldi-beka (Collège d´Espagne à Paris) eta Pariseko Cité Internationale des Arts-eko egonaldia. Zenbait sari ere irabazi ditu: BMW XXX. Margolaritza Sariketako Berrikuntzako Saria eta Valdepeñas-eko Margolaritza Sariaren 74. edizioa, besteak beste.

Halaber, Tania Blancoren lanekin banakako erakusketak egin dira museo eta galerietan: Parpalló Aretoa (Valentzia, Espainia), Alarcón Criado Galeria (Sevilla, Espainia), Perpignan-eko Arte Garaikidearen Zentroa (Frantzia). Eta taldekako zenbait erakusketetan ere parte hartu du, arte-zentroetan Beall Center of Art & Technology (California, Estatu Batuak), Centquatre (Paris, Frantzia), La Casa Encendida (Madril, Espainia) eta Arte Garaikidearen Ferietan SUMMA (Madril, Espainia), KIAF (Seúl, Korea), CIGE (Beijing, China).

«UNLID» EXPOSICIÓN DE TANIA BLANCO