1. mapa. Testuaren denbora eta testuingurua

Lerro hauek kutsatze eta isolatze sozialeko unean idatzi dira. Ikusle bezala kokatzen naiz, liluraturik eta zer esanik ez jakitearen artean, biogorputzaren kutsatzearen ideiaren ondorioz biopolitikak eta teknozientziak osatzen duten megaegituraren engranajeen funtzionamenduaren errepresentazio handiaren aurrean. Biogorputza kontzeptua erabiltzen dugunean, bere praktiken bitartez definitutako gorputzari eta bere identitateari egiten diogu erreferentzia, pentsamendua eragitea ahalbidetzen duen ekintza fisikoak sortzen duen deskribapen biologikoari; espazio eta denbora batean sortzen den materia eta pentsamendu guztiari; organoei, mintzeei, zelulei, molekulei, glandulei, funtzio fisiko eta kimikoei; pentsamenduak ideiak deskribatuz eta irudikatuz funtzionatzen duen eremu konplexu bat, non biogorputzak, bere hizkuntza, perfomatibitate eta inguruarekin harremanean, garatu egiten dituen, bere barne eta arteko harremanek hura ere definitzen dutelarik. Biogorputz hauen kutsatzea hedabide globalen bitartez konektaturiko gorputz likido globala bezain azkarra izan da.

2. mapa. Kutsaduraren teknokontrola

Pandemia global baten aurrean herrialdeen mugak eta haien arteko harreman ezberdinak aldatu egin dira; baina, hala ere, benetako mugak teknologiatik pasa daitezke, nonahiko mugak eta muga ziberpolitikoak sarbide direlarik. Giza biogorputzak, kontrolerako gailuetan oinarrituta dagoen begirada mediku teknozientifikoengatik hedatua eta lagundua, gorputz garaikidearen zaintzaren zerbitzura mekanismo biopolitikoa jartzen du martxan, bere bizilekua eta sistemaren agente ekoizle eta ugaltzailea erasotzen duen birusaren eta sintomen interferentzia masiboaren aurrean. Baina erronka infekzioaren aurrean taldeko immunitatea lortzea da. Kutsatutako gizartea, bere horretan, tutoretza behar duen gizartean bilakatzen da, biogorputz material, fisiko eta biologikoaren eta bere mugimenduen, beldurren, amets gaiztoen guztizko kontrolaren bitartez lortzen den kontrol sozial masiboaren beharrean aurkitzen da. Honek, onartuak diren eta izango diren talde kontrolerako sistema kolektiboez baliatuz, immunitate paradisuak sortzera dedikatzen diren egitura mikropolitikoak indartzen ditu, publikoa eta pribatua denaren arteko muga guztiz lausotuz. Foucault-ek deskribatzen zuen panoptikoa praktikan jartzea da, begiratzen duen baina ikusezina den kontrol makina alegia, disziplina eta gorputz ohitura berrien bitartez gure bizitza berrantolatzen duena. Testuinguru honetan gorputz teknikak, Mauss-ek deskribatu zituenak, gizarte disziplinadunean aktibatzen dira, jokabidearen kontroletik abiatu eta behaketa inposatuz, honen bitartez jardunez, herritarren zuzentasuna kontrolaturik. Kutsadura da saihestu beharrekoa eta kutsatutako biogorputza isolatu beharrekoa. Komunikabideak bete dituzten goiburuak Estatu- Nazioek inposatutako betebehar logikoak esplikatzeko erabiltzen dira, amankomuneko ongizate sozialerako hartu beharreko erregulazio legala errepresentatzen dutelarik.  Aipatutako irudi eta mezu hauek lege, medikuntza, zientzia, teknologia eta politikaren bitartean dabiltza, helburua gizarte jokabide berriak eraikitzea delarik.

3. mapa. Biogorputza kutsatutako eragile molekular bezala

Honek interfazearen mundura garamatza erabat eta harreman eta portaera sozial isolatu eta interaktiboak ezartzera, non interfazea beste eragile edo bioteknogorputz indibidualekin kontaktua ahalbidetzen duen tresna politiko bihurtzen den, eta horrek besteen haragiaren kontaktu sozialetik urruntzen gaituen, sistemaren kolapsoa modu desordenatuan eragingo lukeen kutsadura masiboa ekiditen baitu. Honek inguratzen gaituen errealitateak jada ez duela eleberri edo pelikula baten antzik egiten nau kontziente, gure gaurko errealitatea dela baizik. XX. mendeko hirurogeita hamar eta laurogeigarren hamarkadetan ume nintzela irudikatu nuen etorkizuna ailegatu da. Eta uste nuena baino askoz azkarrago iritsi da. Kontua da etorkizun distopiko harren gaineko ideiak beti zeudela gizarte sistema hauskor eta zauritu batean oinarrituta, non ikusi ezin dena eta giza begiradari ihes egiten diona den sistema kolapsatzen duena.

Ada Lovelace-k 1843 inguruan makinek ea gizakiok bezala pentsa zezaketen galdetzen zioen bere buruari, eta berak bere garaian ezetz pentsatu bazuen ere, seguraski susmatu zuen galdera hori egiten jarraituko genuela ia ehunda laurogei urte beranduago. Gaur egun makinek gizakion zati bat ordezkatu eta haiena egin dute, gizakiek egindako lanak eta espazioak okupatuz, eta era berean gizakiok beste biogorputz posibleak kolonizatu ditzakegu teknologiaren bitartez.  Hedatutako gure biogorputzak orain gorputz interfazeak bezala ulertzen dira, eta gorputz organiko, molekular berberetik osatzen da, makina eta gizakien artean dagoen metahizkuntzaren arteko muga irudikatzen dutelarik. Gorputz hauek makinei esker hedatzen dute metaforikoki haragizkoa dena, makinak haragizkoaren menpeko diren bezalaxe, komunikazio teknologiko globalizatuaren jardueran sortzen eta garatzen diren elkarrekintza-prozesu konstante, aldakor eta arinen menpeko hain zuzen, elkarrekintza edo komunikazio harreman hauek ez izanik giza harremanak soilik.

4. mapa. Konektatutako kolektibitatea eta haren nonahiko mugak

Eta nahiz eta gorputz interfaze honek organoak ez dituela eman, baditu. Hau mugaz bestaldeko gorputz baten ikur bilakatzen da, “teknoharagian (Gómez, T., 2012) (1) bilakatzen da, bere habitat edo testuinguru biomediko eta teknologikoan, sozio- politiko eta ekonomikoan. Gorputz interfaze honek eta bere alderdi bio organikoak, eragile molekularra den aldetik, biogorputza bere materialitate nano molekular eta organiko bizitik, bere zaintzatik eta iraunkortasunetik pentsatzea itzultzea aldarrikatzen du, bere erregimen teknologikoekin inposatutako konplizitatea onartuz, haragitasun horren ideia ezagutzaren arlo eta praktika ezberdinetatik sartuz. Giza eragile indibidualizatu honek pentsamendu kritikoa eta praxi politikoa errepresenta ditzake interfaze teknologikotik modu bukaezinean, metodologia eta prozesu estetikoen ekintzen bitartez sortzen den ekoizpen sinbolikoaren bidez.

Honek, izaki proaktiboak sortzeko, unibertso sinbolikoak agentziarako dituen posibilitate teknoestetikoak aztertzea ahalbidetzen du. Izaki proaktibo eta/edo eragile estetiko molekular hauek, agentzia sortzean, hau da, kontakizun, hausnarketa eta ekintza proaktibo berriak ekoiztean, haien arteko elkarrekintzez definituta, eta denbora eta espazio konkretu eta espezifiko batean kokaturik, bere habitata aldatzeko gaitasuna eskura dezakete. Ez da sortzen duen giza agente indibidualaren zati teknokarnala bakarrik garrantzitsu, baizik eta, batez ere, makinen bitartez egiten diren gizakien arteko komunikazioari, esanahiari eta ekintza interaktiboei lotutako prozesuak deseraikitzea, berreraikitzea eta aldatzea ahalbidetzen duten gorputz interfazeak edo eragile molekular teknokarnal kolektiboak, agentziamendu politikoa ekarriko duen teknoestetika bat sortzeko aukera eratortzen baitute.

5. mapa. Teknoharagiaren beste lurralde posible batzuk

Teknologikoa arlo artistikotik “haragitzean” datza, errealitatean kontakizunak edo munduak birkonfiguratzea ahalbidetuko duten translazio-gailu txikiak sortzea. Teknologikoa haragitzeari buruz nabilkienean, beste izkina batetik lekualdatze bat egitea esan nahi du, software teknologiaren atzean metatutako botere maila ezagututa, eta ideien komunikazio eraginkor eta sentikorra praktikan nola jartzeko moduari buruzko galderak egingo dituzten auziak helaraztea. Gorputz interfaze hauek, biogorputz proaktibo eta kolektibo hauek, eragile molekular estetiko hauek, agentzia (2) sortzeko aukeraz hornitzen baditugu, teknoestetika baikor baten garapenerako eremu aproposa lortu ahal izan dugu. Zentzu honetan, teknoestetika malgu eta kolektibo baten eraginez kutsatutako gorputz interfaze publiko eta kolektibo hau, ekintzaren eta pentsamenduaren arteko mugak ezabatuko dituen eta iruditeria berriak ahalbidetuko dituen erresinbolizazio bat egiteko gai dela kontsideratzen da. Modu honetan, teknokutsatze eremuetan existitzen den eragile molekular estetiko bakar bakoitzak, era indibidual eta aldi berean kolektiboan, aipatutako muga lerro horiek ezabatzea laguntzen du, hauek likido eta iragazkor bilakatuz, eta pertsona arteko eta barne adimeneko garapena posible bihurtuz.

6. mapa. Teknokutsatzea ahalbidetuz

Premiazko gaien inguruko komunikazio arina edukitzeko espazioak sortzea, espazio artistikoa kognitibotik eta makinek beste eragileekin dituzten interakzio eta komunikazioetatik agentzia sortuko duen eremu bezala planteatzea ekartzen du. Esku hartutako eremu hauen aukerak irekiak, iraunkorrak eta jariakorrak direnez, teknokutsatzearen gunetik haratagoko hedapenak, behin emanda, iraun egingo du eta eragile bakoitza eragile molekular ahaldunduan bilakatzea egingo du posible, aipatutako hartu eman hori gailuen bitartez jarraituko delarik, gorputzekoa eta organikoa denaren interakziotik sortutako aztarna kognitibo gisa. Ildo honetatik, HCI (Human- Computer- Interacction) harremana, kontaktua edo interferentzia sortzea ahalbidetzen duen muga lauso batetik abiatuta eraikitzen da, kartografiak sortzen dituzten espazioak dira, eta biogorputzak meta kontaketak eraikitzen dituzten interfazeak bilakatzea ahalbidetzen du, komunitatean garatu eta berezkoak diren kosmobisioak. Ikaskuntza hau arlo sozialean nola sarrarazi bilakatzen da praktika teknoartistikoen erronka garrantzitsuetako bat. Benetako teknokutsatze nahiz birtuala den teknokutsatzeen eremuetan, eragile estetikoaren molekula da beti esandako kartografiak elaboratzen dituena. Teknokutsatzea noraino eraman nahi dugunaren arabera, esparru ezberdinetan egingo dugu, arte sistemaren barne nahiz kanpoan ekoitzi daitekeelarik, areto edo museo handietatik at, saretik at, eta honela bere deriba propioak elikatzen duen sistemaren bazterrean koka arazten du etengabe.

Ondorioak

Posible den bestea 

Zalantzarik gabe, gehiago sinisten dut orain duela batzuk lehenago baino- biogorputzaren gaia, hark testuinguruan izateko, egoteko eta bizitzeko duen modua eta gorputz interfaze mutazioa ikertzen hasi nintzenean– gorputzaren organikotasunetik “aukerazko bestea”-ren ideia birpentsatzearen eta hau gizarte eraikuntzan sarraraztearen beharrean, bere molekula eta aktibitate biokimikotik, bere haragi eta identitatetik, bere zentzu eta sentimenduetatik eta batez ere, ingurugiro osasuntsu eta ezberdin batean duen hauskortasunaren zaintzaren ikuspuntutik, kontuan eduki beharrekoa baita. Organikotik mundu teknologiko garaikidea bizitzeko modua biobotere teknopolizentratuaren ahaztean bilakatu da, honek Naturatik urrun dauden mikropolitikak eraikitzen dituelarik.

Materialismo ekonomikoan sustengatuta, materialismo organikoa alboratzen da, gorputzen zaintza (gaixoturik edo ez) beraz, eta konektaturik dagoen teknoharagizko gizakiaren munduaren aurrean jartzen gaitu; teknologikoa dena erabiliz muga errealaren ideia gainditzen saiatzeko; muga geopolitiko eta ziberpolitikoak tenkatuko dituzten tirabirak erreproduzitzeko erresistentziak egitera mugatzen gaituelarik. Teknoharagiaren konexio kolektibo honek, azkenean, isolaturik uzten gaitu XXI. mendeko mundua kolonizatzen duen inperialismo teknologikoaren aurrean.

Arte alorraren barruan ekoizpen ekintzatzat hartzen den gorpuztasunetik eta komunikaziorako tresna artistiko gisa interfazea erabiltzetik abiatuta, hedatze eta zabaltze kognitiboa gertatzen da. Nahiz eta gauza berririk ez izan, media art-ek  geure gorputzeko zentzumenak praktika berri batetik bizitzea ahalbidetzen digute. Performancearen eta teknologiaren ideien aldaketari esker, jokoaren bidez beste errealitate sentikor berriak miatzeko aukera ematen diguten eremuetan kokatu eta aurkitzen gara, eta elkar ulertzeko beste modu batzuk aurkezten dizkigu. Biogorputza, honela, interfaze, datu, seinale, behar, ekintza… bilakatzen da banakako parte hartzean pentsatuta dagoen sistema baten barruan, eta aipatu berri diren datu horiek identitatearen eraikuntzarako kontakizun psikologikoei buruz hitz egiten digute, gorputz banakakoa beti komunikazioan dagoen sare baten barruan ulertarazten digularik.

Komunikatzeko modu sinboliko eta semiotiko honek gizartean metodologia eta prozesu teknoestetikoak sartzeko beharra jartzen du mahai gainean, kognitiboa dena zabaltzeko aukera lortzeko beharrezkoa, esperimentatzeko bide berriak eta komunikazioaren garapenari buruzko hausnarketa irekiz. Honek, hedatutako biogorputz bezala kokatzen gaitu munduan, mundua ulertu eta kontzeptualizatzeko modu berriak sortzeko beharrezko alterazio sentikor baten aurrean. Modu honetan, gure gorpuztasun propioa ulertzeko modu berriak jaiotzen dira, izan ere, praktika artistikotik eta ekintzatik gure errealitatearen ulermen haundiago batera ailega  gaitezke, gorputza horretarako beharrezko erdiguneko puntu izanez.

1. “Teknoharagi” hitza haragiaren sektoreko Software espezializatu batean agertzen da trazabilitate, errendimendu, inbentario, kostu, fakturazio eta eraldaketa prozesuak errazten dituenak, beste eginbeharren artean. Hau da, fase bakoitzeko informazio guztiaren analisia ahalbidetzen du, animali- haragiaren ekoizpenetik salmenta prozesura, katearen agente ezberdinek, erabaki estrategikoak hartzeko erabilgarriak izango diren estatistikak sortuz eta haragiaren sektoreko adierazleak hobetzearen helburuarekin. Hitz hau maximizazio komertzialaren zentzu honekin erabiltzen dugu gorputzak kontsumo gizartean eta softwarean oinarritutako teknologien eraginpean hartzen dituen alderdiei erreferentzia egiteko.

2. “Agentzia” hitzak, testuinguru horretan erabiltzen dugunean, “ahalduntzea” hitzaren hurbilketa teoriko eta praktikoa eskatzen du. “Ahalduntzea” hitzaren jatorria Paulo Freire filosofo brasildarrak (1921 – 1997) hirurogeita hamargarren hamarkadan garatu zuen hezkuntzaren ikuspegitik definitzen da, ikuspegi parte-hartzaile bezala deitutakoei oso lotuta eta hirurogeita hamargarren hamarkadatik oso presente pedagogia kritikoan, autonomia izanik oinarrietako bat, tartean dauden agente ezberdinak egunero bizi diren arazo sozialen kontzientziatik, pertsonak zuzen eta zeharka eragiten dituztenak, gizartea eraikitzea gonbidatzen dituen bidea kontsideratua. Pedagogia hau galderen bitartez sorturiko ezagutzan oinarritzen da. Hitz hauek gure praxi artistikora aplikaturik erabiltzen ditugunean hausnarketa kritiko eta teoriko batean bihurtzen den alderdi fisikoari egiten diogu erreferentzia; inguru teknologiko batetik definitutako kontzientzia fisiko eta mentalari, non interfazea horretarako beharrezko tresna transduktore bilakatzen den. Baina hitz hauek ez dira interakziorako kokaleku indibidual batetik bakarrik definitzen, izan ere “agentzia sortzea” kontzeptuak barneratutako pentsamendu kolektibo baten ideiatik definitzea eskatzen du, eta bide ezberdinak sortu ditzake, aukera edo mutazio ezberdinak banakako nahiz taldeko imajinarioaren eraikuntzan. “Agentzia” hitza pertsonen gaitasun eta ziurtasunak indartzeko gai diren talde prozesu guztiei egozten zaie. Hauek interfaze artistikoetatik sortutako komunikazioan oinarritzen dira, ikusgaitasuna eta nabarmentasuna jasoz bizi dituzten egoeretan eraldaketa positiboa eragin dezaketen talde sozial bezala, banakakoa taldekoa bilakatzen delarik, eta alderantziz.

Bibliografia 

  • Bourdieu, Pierre, 1999.  “El conocimiento por cuerpos”, “Meditaciones pascalianas” en, Bartzelona, Anagrama. 
  • Bourdieu, Pierre, 2007. “La dominación masculina”, Editorial Anagrama, Bartzelona. 
  • Butler, Judith, 2002. “Cuerpos que importan. Sobre los límites materiales y discursivos del sexo”, Paidós, Bartzelona. 
  • Braidotti, Rosi, 2018. “Por una política afirmativa. Itinerarios éticos”, Editorial Filosofía Gedisa, Bartzelona. 
  • Foucault, Michel, 1992. “Microfísica del poder”, La Piqueta, Madril.
  • Foucault, Michel, 2003.“El nacimiento de la clínica, una arqueología de la mirada médica”, Siglo XXI Editores, S.A., Argentina. 
  • Gómez Fernández, Tomás, 2012. “Aplicación de los conceptos formativos de un industrial pecuario en una empresa de industrialización del sector cárnico (Comercializadora Agrosigo S.A.S.)”.  
  • Guattari, Félix; Rolnik Suely, 2005. “Micropolítica. Cartografías de deseo”, Editora Voces Ltda., Petropolis. 
  • Guattari, Felix; Deleuze, Gilles, 2010. (1977), “Rizoma. Introducción”. Pre-textos, Valentzia.
  • Guattari, Felix; Deleuze, Gilles, 2004. Mil mesetas. Capitalismo y esquizofrenia. Pre-textos, Valentzia.
  • Hansen, Mark, 2006. “Bodies in code. Interfaces with digital media”, Rotledge, Taylor and Francis Group, New York, London.
  • Isaackson, Walter, 2018. “Los innovadores: Los genios que inventaron el futuro”, Penguin Random House Group Editorial, Mexiko Hiria. 
  • Juliano, Dolores, 2010. “El cuerpo fluido. Una visión desde la antropología, Cuadernos de Psicología”, Vol. 12, No 2, 149-160. 
  • Klein, Naomi, 2012. “La doctrina del Shock. El auge del capitalismo del desastre”, Editorial Planeta, Bartzelona. 
  • Manovich, Lev, 2017. “El lenguaje de los nuevos medios de comunicación. La imagen en la era digital”, Paidos Comunicación 163, Bartzelona, Espainia. 
  • Mauss, Marcel, 1934, artículo “Técnicas y movimientos corporales”, Société de Psichologie, Frantzia. 
  • Zafra, Remedios, 2010 , “Un cuarto propio conectado”, Editorial Fórcola, Madril.

Amaia Vicente (Bilbo, 1976). Bilbon bizi eta egiten du lan. “Artea eta Teknologia” Departamentuko artista eta ikertzailea, EHU-UPV, Leioa, Euskal Herria, “Gorputz interfazearen praktika teknoestetikoak: Teknoharagiaren biopolitika eta mikropolitika” tituluarekin. 2016 urtean “Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboa” Master Internazionala burutu du, EHU-UPV eta “Interface Culture” Masterraren artean, Kunst Universität Linz, Austria (AT). 2010 urtean “Genero eta Feminismo Ikasketen Ikertzea” Masterra bukatzen du, EHU-UPV, Euskal Herria. Sinposio ezberdinetan hartu du parte VALA eta NOT A SOHO bezalako kolektibo ezberdinekin, Azkuna Zentroan (Bilbo, 2019), eta Technarte Conferences, “International Conference in Art and Technologist” (Bilbo, 2016) hitzaldietan, Azkuna Zentroa, Ikersoinu ikerketa taldearekin (Bilbo, 2017). Workshop ezberdinak garatu ditu, eta egoiliar bekak Espainian nahiz Italia, Polonia, Alemania edo Austrian; bere lana Palazzo Gallone, Tricase, (Italia, 2019), Ex Machina Arte Esperimentaleko Festibal Internazionalean, MEM (Bilbo, 2019), WRO Art Center (Polonia, 2018) edo “Frattamagiore. Piazzeta Durante”, (Napoles, 2018) bezalako lekuetan erakutsi da, eta “She Devil X. Resisters”, Studio Stefania Miscetti, (Roma, 2018), AFO, Architekturforum Oberösterreich, Linz, (Austria, 2017), Fabra i Coats. Centre d´Art Contemporani “6ª Bienal de Aguja e Hilo” (Bartzelona, 2017) bezalaxe. 2016an Ars Elektronika Festibalean, Linz, Austria edo LAB30 festibalean, Ausburg, Alemania, erakutsi du lana. Bilboarte beka ere jaso du (2007, 2010, 2015).

https://amaiavicente.com/