LABURPENA

Idatzi honen helburua Mendebaldean garatzen den eskema kultural neoliberala berrikustea, eta tokiko ekosistema artistikoa (1) eta sortzaileen sarea hobeto babesteko praktika posibleei buruz espekulatzea da.

Covid-19aren igarotzeak pitzaduraz betetako kultur-sistema agerian utzi du. Berrogeialdi luzeari aurre egiteko hainbat ekoizpen artistiko eta kulturalek egindako ekarpenak gorabehera, sortzaileek funtzionamendu zaharkituaren ondorioak pairatu dituzte, eta ia ezin izan diote erantzun egoeraren larrialdiari.

Horregatik, zalantzan jarri behar dira arte-sorkuntza garaikidearen inguruan tazituki inportatu eta onartutako kultura-formatuak, eta, aldi berean, ekoizpen artistiko eta kultural iraunkorragoarekin lotutako praktiken aniztasuna sustatu behar da, testuinguruaren oreka berrezartzeko.

SARRERA

Donna Haraway (2019) pentsalariak “planeta zauritu” (2) adierzapidea erabiltzen du sistema kapitalistak Lurrean izan dituen ondorioak izendatzeko. Alderaketa honen bitartez, testuinguru artistikoa ekosistema ahuldu gisa pentsatzea proposatzen du Harawayek, kultura- eta ekonomia-arketipo baten erreprodukzioa dela medio. Arketipo horrek lurzoruko mantenugaiak agortzen ditu eta dauden eta oraindik etortzeke dauden kultura-formen aniztasuna arriskuan jartzen du.

Euskal Herriko testuinguru artistikoak ere ez du ihes egin artearen eta kulturaren ekonomizaziotik; zeinak sorkuntza garaikidearen inguruko pertzepzioa utilitarista bihurtzen duen. Kontsumitzeko prest dagoen produktu masifikatua lortzeko ohiko ekintza gisa ulertzen da, eta ez ondasun komun edo eskubide gisa. Ekoizpen artistikoari heltzeko formula unibertsal batzuk sortzeko arriskua, testuinguruaren berezitasunei erantzun beharrean, prekarietate orokor batera iristen da, sorkuntzari nahiz sortzaileei eragiten diena.

Mende aldaketarekin batera biotopo artistiko anitzen agerpenerako ekoizpen-paradigma berri eta egokia sortu bada ere, bizirauteko ingurunearen baldintzetara egokitzeak aldez aurretik definitutako zenbait mekanismora egokitzea dakar. Azken batean, bioaniztasunaren galera eragiten du. Beraz, bizirauteko probabilitateek formatu iragazkorragoak garatzea eskatzen dute, artearen tokiko testuinguruarekin alderatuta.

Komunaren agortzea

Egungo sistema ekonomikoa, kapitalismoa, lurreko baliabideez baliatzen dena, eta artean eta kulturan nitxo produktibo bat aurkitzen duen arketipo berri baten arteko paralelismoak, arte eta kultura bezalako ondasun komunen kudeaketa kolektiboan murrizketa bat adierazten du.

Natxo Rodriguezek (2008) erabilera eta gozamen komunekoak ziren lurren (commons) desjabetzea aipatzen du. Industria-iraultzaren garaian haien baliabideak merkatu-interesekin ustiatzeko helburua zuten eremuak ziren. “Prokomun” kontzeptuarekin lotutako horrelako baliabide irekien edo jabari publikoko baliabideen inguruan merkataritza-egitura bat nola eraiki den azaltzeko. Haizea Barcenillak kontzeptu horren inguruan zera adierazten du:

Entran dentro del procomún los elementos que pertenecen a todas y a nadie al mismo tiempo, y que son globalmente necesarios para la vida en su sentido más amplio. Los más evidentes son recursos como el aire, el agua, la luz. Junto con estos existen muchos más, una gran serie de elementos inmateriales que conforman la cultura y el conocimiento, como pueden ser la historia, la lengua o las tradiciones. Y en relación con cada uno de ellos nos encontramos la organización social que se crea para compartirlos, enriquecerlos, suministrarlos y disfrutarlos, que es en sí misma un procomún también. (Barcenilla 2018, p.172)

Hala ere, Isabelle Stengersen (2013) hitzetan, commons ingelesen desjabetzea gertatu zenetik, kapitalismoak era kolektiboan pentsatzeko eta jarduteko gaitasuna sistematikoki suntsitu du. Stengersek kolektiboaren kalteari eta kudeaketari buruz egindako hausnarketan, kultura-eredu anglosaxoiaren ondorio partikularrena adierazten du: eskema monolitiko eta noranzko bakarrekoa erreprodukzioa, a priori errentagarriak ez diren beste kultura-forma eta -adierazpen mota batzuen ernalketa murrizten duena.

Kulturaren monolaborantza eta bere efektuak

Monolaborantzaren (nekazaritzaren arloari dagokion kontzeptua) metaforak kulturaren ahalik eta errentagarritasun handiena lortzera bideratutako ekoizpen-sistema bat adierazten du. Aurrez definitutako formatu batzuen erreprodukziotik abiatutakoa. Laborantza bakarraren teknika espezie jakin baten ustiapenean oinarritzen den bezala, monolaborantza kulturalak elkarrengandik oso ezberdinak ez diren eskema globalizatuak lehenesten ditu eta, gainera, kultura motor ekonomiko gisa aukeratzen duen munduko edozein tokitan erreproduzitu daitezke.

Kultur ekoizpenaren sistema hau Mendebaldeko gobernu neoliberalen gorte ekonomizistak sorrarazitakoa da. 70eko hamarkadatik aurrera sustatutako politikek honela definitzen dute kultura: eredu industrialaren gainbeheraren ondorengo aktibatzaile ekonomiko eta urbanoa. Garai horren ezaugarria industriari lotutako ekoizpen tradizionala da, ezagutza materia prima gisa duen sistema berria.

Fabrika fordistaren ordez fabrika kulturala ezartzeak lanaren zatiketan eta espezializazioan oinarritutako funtzionamendua dakar. Kultura ustiapenerako mugatutako eremuetan partzelatzeak fabrikako muntaketa-katea dakar gogora, zeinaren helburua ekoizpen-kostuak optimizatzea baita; kultura, adiera zabalenetan, ekoizpen- eta kontsumo-zirkuituan txertatzen da.

Hala ere, kultura aberastasun-sortzaile gisa erabiltzeak ez du esan nahi, nahitaez, leku bati datxekion esparru artistiko eta kulturalaren oparotasuna bermatu behar denik. George Yúdicerekin (2002) bat gatoz kultura baliabide bat izateko eskubide gisa ulertzetik pasa dela esaten duenean. Horrek hainbat ondorio dakartza testuinguru kulturalean, produkzio estandarizatuak, ekoizpen-sistema masifikatuetatik eratorritakoak, sortutakoetatik oso urrun ez daudenak. 

Besteak beste, eredu bakar baten nagusitasunak kultura-ingurunearen bizigarritasun-baldintzak aldatzen ditu. Edozein ekosistema agintzen duen arauak, bizirauteko ingurunearen baldintzetara egokitzeak, aldez aurretik definitutako zenbait mekanismora doitzea eskatzen du, azken batean, bioaniztasunaren galera dakartenak (prekarietatearen atarikoa). Hau da, kultura-eredu anglosaxoiak, monolaborantzaren teknikaren bidez, zenbait kultura-formatu lehenesten ditu, eta beste batzuk, berriz, landaketaren ertzetara lekualdatzen ditu. Stengersi berriro helduz, bere gogoetek kulturaren kudeaketa publikoaren inguruan egitura hermetiko eta pribatizatu bat ezartzearen oximoroari buruz ohartarazten gaituzte.

Politika kultural “hibrido” bati buruzko espekulazioak

Kulturaren “partzelazioak” eta merkantilizazioak kulturaren beraren instituzionalizazioa adierazten du: guztion ondasuna da, eta haren kudeaketa kolektiboa izan beharrean, prozesu burokratizatu bihurtzen da. Emaitza gisa, arte-ehuna pixkanaka aldentzen da sormen-prozesuarekin lotutako zereginei buruzko erabakiak hartzeko partaidetzatik. Kultura-ingurunearen desoreka eta, beraz, ahultzea ekarriko duen gertaera. Baina Barcenillak honela jarraitzen du:

Esta idea del procomún, cada vez más interiorizada en los planteamientos de gobernanza, ofrece la posibilidad de replantearse la dicotomía entre lo público y lo privado, y conduce a políticas más enfocadas a la vida que a la producción y al consumo. (Barcenilla, 2018, p.173)

Barcenillaren hitzek Harawayk aipatutako ideia gogorarazten dute; kapitalismoaren ondorioak salatzen dituen eszenatoki batean bizirauteko metodo gisa “ahaidetasunak sortzea”, hain zuzen. Bi egileek, norberaren egunerokotasunarekin zerikusia duten egiteko modu organikoagoei buruz pentsatzera bultzatzen dute, kulturaren gehiegizko instituzionalizaziotik datorren pisua arindu ahal izateko.

Hibridazioa monolaborantzarekin lotutako forma kulturalen nagusitasunak eragindako ahultzea arintzeko modu bat izan liteke . Harawayk proposatzen dituen “espezieen arteko harremanak” aplikagarriak dira bizikidetza soiletik haratago doazen harremanen sorkuntzan eragiten duten testuinguru-praktika sustatzeko, sorkuntzaren, hedapenaren eta erakustaldiaren artean eraikitako mugak desitxuratuz.

Kultura-baliabideen kudeaketa proportzionatuagoa izan dadin, beharrezkoa da sortzaile-komunitateak zeregin horietan parte-hartze handiagoa sustatzea. Tiradera itxi eta oso instituzionalizatuetan zatitu baitira zeregin horiek. Planteamendu horrek iragazkorragoak izan daitezkeen kultura-politiken garapenari buruz hausnartzera garamatza, testuinguruarekin eta sortzaileen komunitatearekin bat datozen praktikak bultzatuz. Adibidez, Arteleku arte-zentroa, Donostian, edo Amarika asanblada, Gasteizen, esperientzien (3) eredua kokatuta dauden ingurunearekin bat etorriz garatzen da.

Santi Erasok (2014), 1986tik 2006ra Artelekuko zuzendariak (4), aipatu zentroa bere hormak gainditzen zituen espazio gisa definitzen zuen, bere izaera horizontalagatik eta bere kokapen periferikoagatik, bai interes ekonomiko eta politikoei dagokienez, bai artearen sistemaren beraren “hegemoniei” dagokienez. Horren ondorioz, erabiltzaile izatetik haratago, Artelekura joaten ziren pertsonek “komunitate afektibo” bat osatzen zuten, eta horrek era guztietako trukeak eragiten zituen. Bitartean, Amarika Asanbladaren asmoa, sortze-prozesuan eta haren kudeaketa osatzen duten faseetan eragile artistiko eta kulturalen parte-hartzea erraztea zen. Kasu honetan, Arabako Foru Aldundiaren hiru areto kudeatzeko proposamena izan zen (Amarika aretoa, Ignacio Aldecoa kultur etxea eta Arabako Lurralde Historikoko Artxiboko aretoa), 2011 urtean gelditu zen egitasmoa. 

Testuingurutik eta testuingururako eta sortzaileen ehunduraren onurarako jarduteak kultur politiken norabidea aldatzea iradokitzen du. Egitura bertikala erreproduzitu beharrean, monolaborantza kulturala, goitik behera jarduten duena (hau da, modu inposatzailean eta hierarkizatuan), behetik gora sortzen diren proposamenak finkatzeko moduak ikertzea da helburua, testuinguruak sustatuta, testuingurutik abiatuta eta testuingururako.

Horrela, arte- eta kultura-ekoizpena ez litzateke lehen aipatutako ekoizpen- eta kontsumo-zirkuitura mugatuko, baizik eta ezagutzaren ekoizpenarekin, ikerketarekin, kultura-ingurunea osatzen duten organismoen aniztasunaren artean sortzen diren loturekin eta sormen-prozesua bera biltzen duten baldintzekin lotutako geruza anitzetan integratuko litzateke.

Izan ere, Marina Garcesek (Brownen aipatua, 2016, 18. or.) beste modu batera pentsatzeko testuinguruak sortzeari buruz gogoeta egiten duenean, adierazten du horretarako baldintzak sortu behar direla, eta baldintza horiek testuingurukoak direla, aurrez finkatutako arau batzuen erreprodukzioarekin kontraste egiten duen berezitasun bat. Hain zuzen ere, ekoizpen-moduak (eta formen ekoizpena) errazteak, testuinguruarekin zeharka erlazionatzeko, kulturaren kudeaketa irekiagoa berreskuratzeko zirkuitu egokia sortzen du.

ONDORIOAK

Laburbilduz, kapitalismo kulturalaren ondorioak ez dira beste ekoizpen-eremu batzuetan gerta daitezkeenen oso bestelakoak. Etekinak bilatzeak baliabideen errentagarritasun handiagoa sustatzea dakar. Ondorio batzuk hemen deskribatutako testuingurura ekarriz, kultura-ingurunean eragiten duen desoreka nabarmentzen da. Ingurunea eta haren ondasunak (ukigarriak zein ukiezinak) gutxiago zaintzeak eta, aberastasunaren banaketari dagokionez, desberdintasun handiagoa izateak ekoizpen-bitartekoak menderatzen dituztenen eta ekoizleen arteko dikotomia klasikora garamatza.

Indarrean dagoen kultura-sistemak zerbitzuetara bideratutako eskaintza konfiguratzeko edukiak ekoiztea eskatzen du, testuinguruan gertatzen den arte- eta kultura-ekoizpena eskema unibertsalizatu batzuetara egokituz. Gainera, ekoizpen-prozesua osatzen duten arloak banatu eta burokratizatzeak sormen-substratuko kideek prozesu horretan parte hartzea eragozten du. Horrela, hain zuzen ere, lanaren beraren kanpoaldean gertatzen denetik “bizi” diren sortzaile eta eragileen ehunak mantentzen duen zirkuitu bat ezartzen da.

Bai testuingurua bai ehundura indartzeko, katebegiak birkonektatu behar dira, sorkuntzak ez dezan soilik ekoizpenaren eta haren ordezkoen inguruan biratu; artearen, kulturaren eta ekonomiaren arteko topaketaren emaitza gisa. Aldiz, ekosistema kulturala bera aberasten duten hainbat programazioren garapenak (sorkuntza, ikerketa, kudeaketa, bitartekaritza, hezkuntza, historia, kritika, etab.) eredu ofizialaren interesen eta tokiko sortze-substratuaren beharren eta eskakizunen arteko eroale gisa jardungo duten forma sinbiotikoagoak sor ditzake.

(1) A-ren N: Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoei buruzkoa.
(2) A-ren N: Donna Harawayk “zauritutako planeta” esamoldea erabiltzen du Klima Aldaketak eragindako ondorioei erreferentzia egiteko. Anna Tsing antropologoaren “Anthropocene: arts of Living on a Damaged Planet” hitzaldiaren izenburutik hartu du.
(3) A-ren N: testuinguruaren ezagutzarekin eta testuinguruaren zati bereizezina izatearekin lotutako bilakaera duten ekimenen kasu ugari daude. Besteak beste, Bulegoa z/b ezagutza-bulegoa, Consonni arte garaikideko eta argitaletxeko ekoiztetxea, Okela Sormen Lantegia, Zas Kultur espazioa, Euskal Herriko eta Nafarroako artistentzako Inmersiones biltzarra, etab.
(4) A-ren N: Arteleku hornidura elektrikoen fabrika zaharra izan zen, eta 80ko hamarkadaren amaieran arte garaikideko praktikarako eta prestakuntzarako ekipamendu bihurtu zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpe dago, Donostiako Loiola auzoan.
(5) A-ren N: Amarika Batzarra 2008an eratu zen. Elkarte-proiektu gisa aurkeztu da, eta Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin biltzen hasi dira, kultura-politikak lurraldean garatzean arte-komunitatearen presentzia indartzeko bideak bilatzeko, artearen eta kulturaren sustapenean, hedapenean, prestakuntzan eta ekoizpenean aktiboki parte hartuz.

BIBLIOGRAFIA

  • Barcenilla García, Haizea. (2018). En Miriam Querol, Álvaro Villa, y Jonathan Fox (eds.), Glosario imposible (pp.166-185) Madrid: Hablarenarte.
  • Brown, Harriet. (2016). Creación de contextos para pensar de otra manera. Pájaro y ornitólogo al mismo tiempo. Recuperado de https://www.consonni.org/es/publicacion/pajaro-y-ornitologo-al-mismo-tiempo.
  • Chaillan, Pierre. Isabelle Stengers: La gauche a besoin de manière vitale que les gens pensent: L’Humanité. Recuperado de https://www.humanite.fr/isabelle-stengers-la-gauche-besoin-de-maniere-vitale-que-les-gens-pensent.
  • Eraso Beloki, Santi. Los últimos días del Arteleku de Loiola: Arte, Cultura, Ética y Política (blog). Recuperado de https://santieraso.wordpress.com/2014/05/15/ultimos-dias-de-arteleku/.
  • Haraway, Donna J. (2019). Seguir con el problema. Generar parentesco en el Chthuluceno. Bilbao: consonni
  • Rodríguez Arkaute, Natxo. (2008). Artes Visuales y Cultura Libre. Una aproximación copyleft al arte contemporáneo (Tesis doctoral). Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Leioa.
  • Yúdice, George (2002). El recurso de la cultura: usos de la cultura en la era global. Barcelona: Gedisa.

Oihane Sánchez Duro. Artean graduatuta eta masterra Arte Garaikide Teknologikoan eta Performatiboan (2014). 2015an Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-en egonaldi artistiko bat egiteko EHUko Arte Ederretako Fakultateko beka bat lortzen du. Urte berean, BFA-ko arte plastiko eta bisualentzako sorkuntza beka bat eskuratzen du. Hainbat erakusketetan hartu du parte, bai kolektiboki (Amerikanuak, Bizkaia Aretoan, 2016an, eta Después de la Poesía, Harriak programaren barruan, Gueñeseko Arenatzarte aretoan, 2017-an, eta Ertibil, Ikus Arteen Erakusketa Ibiltarian, 2017an), zein banako erakusketetan ere (Détournement, Bilbaoarte fundazioan eta Rekalde Aretoan, 2017-an), jaialdietan (Itufest, 2017-an eta 2018-an eta Vis a Vis, 2019-an), eta askotariko programa artistikoetan. 2018-an doktorego aurreko ikerkuntza egonaldi bat egiten du Guanajuatoko Unibertsitatean (Mexiko). 2017tik Txt-lab, Artea eta Testuaren Arteko Harremanak Aztertzeko Probalekua proiektuaren taldekidea da, AKMEKAri atxikituta.

www.oihanesanchezduro.com