«What good is my truth? My truth means nothing /
Zertarako balio du nire egiak? Nire egiak ez du ezer esan nahi».

DeLillo, White Noise

Sufritu dugun pandemiaren ondorioz hilabeteak eman ditugu itxialdian. Istorioak, egoerak eta ondorioak asko dira. Oso tragikoak batzuk, besteak ez hainbeste. Antropozenoko hondakinak gara eta gertatu denak ez gintuzke harritu behar. Gure erantzukizunetatik ihesi ibili gara luzaroan. Konfinamenduan zehar askok espiritu kritikoa atera dute armairuen sakonetatik udako arroparekin batera, deseskaladan erabiltzeko prest. Eta, horrela, gauza bera egiten joan zaigu beste hamarkada bat.

Ez da dramatismoetarako momentua. Alarma egoerak gure indiferentziak eta kapitalaren logikak elikatutako egoera azeleratu besterik ez du egin. Orain ez gara funtsezkoak, ezta lehentasunezkoak ere. Gure balioa ekonomikoa da. Harrokeria eta ezaxolaren ordainketa. Batzuen egoera ez da aldatu, prekarietatea era guztietako krisietatik igaro den eguneroko estandarra baita. Hau beste bat gehiago baino ez da. 

Eta orain zer? Denboraren tunelak ireki nahi baditugu ere, iraganaren hedapen gisa ulertutako etorkizuna jada ez da baliagarria. Baina noren normaltasunaz, noren ezagunaz, nork ezarritakoaz ari gara? Alarma egoera hasi baino lehen, zenbait ahotsek iluntasunaren aro berriari buruz aritu zitzaizkigun. Hala nola Berardiren “Age of the Dark Enlightenment” (2019) edo Bridleren “New Dark Age” (2018). Arrazoia “finantza matematiken zakartasunak” (Berardi, 2019, 9.44) ordezkatu du eta badirudi teokrazia konputazionala dela zurrunbilotik ateratzeko gai den bakarra. Konfinamenduaren erromantizazioak, gogoetarako eta aldaketarako espazio bezala, terrazak ireki arte iraun du. Deshidratazio emozionalak eragindako irudikeria. Benetako enpatia bat garatu izan balitz, ez genuke hondakin mental berdinen artean jarraituko. Soluzioen atzean edo kontzientziak astintzeko asmoz artikulu asko ugaritu dira denbora-tarte honetan. Distopia eta zientzia fikzioari erreferentzia asko egin zaizkie. Zergatik izango da? Iruditegi kolektiboa egoera digeritzeko ezgauza izanik, “errealitatearen saiakera” (Barceló, 2020) gisako narratibak behar dituela dirudi. 

Asko hitz egin da erresilientziari buruz konfinamenduan. «La capacidad de adaptación de un ser vivo frente a un agente perturbador o un estado o situación adversos», hala definitzen da RAEn. Baina egiaz gertatu dena teokrazia konputazionala lanaren, komunikazioaren entretenimenduaren eta pentsamenduaren erreferente gisa egokitzea eta onartzea da. Zer egingo genuke Zoom, Netflix, Spotify, Youtube, WhatsApp, Facebook edo Instagram moduko aplikazio eta plataformarik gabe. RAEn agertzen den terminoaren bigarren adierak honela definitzen du: «capacidad de un material, mecanismo o sistema para recuperar su estado inicial cuando ha cesado la perturbación a la que había estado sometido». Gure erresilientzia Wi-Fiari esker izan da posible. Interneterako konexiorik gabe, oso ezberdina izango litzateke alarma-egoaeraren pertzepzioa eta kudeaketa. 

Etorkizuna digitala eta online da. Bridle-k (2018, p. 15) deskribatzen duen bezala «beste batzuek soluzionismo deitu dutenaren hedapena», teknologiak arazo guztiak konpondu ditzakeenaren ustea. Haien hegemonia normaltasun zahar eta berria da. DeLillok bere White Noise liburuan egungo egoera oso ondo irudikatzen du hurrengo esaldiarekin: «hemen ez gaude irudi bat harrapatzeko, irudiari eusteko baizik» (2016, p. 24). Hau da pandemia honek oinordetzan hartutako pragmatismoa, zeinen hatzaparretan erori diren diziplina guztiak. 

Sentsibilitatea eta espiritu kritikoak LeGuinek “hizkuntza bezalako bizitzaren oinarrizko teknika soil bat” (2018b, p. 224) bezala definitzen duen zerbaitetan bilakatzen du artea. Haren erabilgarritasuna ez da ekonomikoa, baina bai funtsezkoa. Idealak alde batera, artistok zentro eta erakunde publiko/pribatuen laguntzen eta euskarrien beharra dugu. Dirurik gabe ezin da produzitu. Lehen begiratuan arrazoiketa zuzena dirudi, baina sorkuntza artistikoa premisa horren mende egongo balitz, aspaldi desagertu izango litzateke? 

Etorkizuna entrepeneur, eta purga-garaia da. Kapitala lortzen dutenek edo lan egonkorrak dituztenek soilik biziraungo dute. Funtsean, egoera ez da aldatu, muturrekoagoa baino ez da bilakatu. Denok denon kontra, Battle Royale (Takami, 1999) estilora. Giza naturaren lehiakortasunak ez du mugarik. Pandemia beste aukera perfektu bat izan da «Gainontzeko guztien lehiakideaaldi lehiakor» batean harrapatuta dagoen jendeak bolbora siku eta eta kainoiak olioztatuta izatk gara: garena estaltzen duen maskara jada erori ezpazaigu, lehenengo aukeran eroriko zaigu. «Eroeko joera izan ohi du: beti eskura, erabiltzeko prest». Artea biziraupen-lehia hutsera murrizten badugu esfera digitalaren alde banatako guda batera, sortuko dugun bakarra hondakina izango da. Hori bai, kalitatezko onespenaren zigiluekin legitimatuta. 

Kontrakoaren argudioa litzateke postulatu neoliberal nagusia, non norbanakoaren gaitasuna funtsezko faktorea den funtzionamendu optimoa lortzeko, arrakasta ekonomikoa izanik oinarrizko arau etikoa. Merkatuaren funtzionamendu askerako narratiba ezin hobea. Espiritu kritikoa eta sentsibilitatearen pribatizazioak guztiak lehen bezala jarraitzea ahalbidetuko luke, «aspaldiko garai onak» (Le Guin, 2018a, p. 21). Gurea da erabakia.

Egoera horren aurrean, aukera posibleak ez dira asko. Argienak hiru lirateke: normalizazioa, etsipena edo iraultza. Nire ustez, armak hartu aurretik (edo ez), oinarrizko arazo bat ebatzi beharko litzateke, enpatia. Definizioz, “norbaitekin identifikatzeko eta sentimenduak partekatzeko gaitasuna” da. Lehiakortasuna normalizatu da, baina ez enpatia, eta hobeto geundeke kontrara. Konfinamendua etortzear dagoenaren janaurrekoa izan da, hurrengo kolpea oso txarra izan daitekeelako abisua. Baina berdin zaigu. Hilabete hauetan sortutako larrialdi indibidualeko egia bakoitzaren aintzatespena, post-pandemia testigantzak eta etorkizuneko hondamendi biralak besterik ez ditugu nahi. Nire iritziz, konfinamenduko ekoizpen artistikoak katarsi modura funtzionatu du eta, orain, zerbait gehiagoren momentua da. Alarma egoeran eutsitako amorrua eta frustrazioa fasetik atera dira, eta denok nahi dugu bozgorailu bat, ozen eta argi entzun diezaguten. Baina, hain garrantzitsua al da esan behar duguna, ala zarata hutsa da? Attaliren argudiaketaren arabera (2014, 20. or.), «edonora begiratuta ere, mezuen transimisioaren monopolizazioak, besteen zarataren kontrola eta isiltasunaren instituzionalizazioak boterearen iraunkortasuna bermatzen dute”.  

Harrokeria da espazio intimoak, isiltasunak, artistoi botere berezia ematen digula onartzea. Egiazko espazio indibidualak dira, mikrokosmosa. Egungo egoerak hausnarketa pertsonal hutsa baino zerbait gehiago eskatzen du. Ezin gara hondoko zaratatik isolatu. Hitz egin ahal izateko, entzun egin behar dugu, batez ere entzun nahi ez duguna. Attaliren arabera (2014, 3. or.), “zarata entzutean, hobekiago uler dezakegu gizakiaren zoramenak eta kalkuluek nora garamatzaten, eta zer itxaropen izan dezakegun oraindik”. Zarata horrek esaten digu etorkizunak ez gaituela behar. 

Deseskalak aspalditik suntsituta dagoen gizarte baten zati-bilketa dirudi. Itsasgarri ikusezina erabili arren, pitzadurak hor daude oraindik. Ez dira denboraren poderioz sortutako zimurrak, konpondu gabeko arazoek zabaldutako zauriak baizik. Virilioren arabera (2003, 39.or.), “mundua ilusio bat da, eta artea munduaren ilusioa aurkeztean datza”. Denbora luzea daramagu etorkizuna iraganaretik asmatu nahiean, egin dezakegun bakarra da; izan ere, ezin badugu gizarte hobeago bat imajinatu, kolapsora kondenatuta gaude. Denbora agortzen ari zaigu. Askotan entzun dugu gauza bera, baina badirudi konturatu gabe jarraitzen dugula. Zenbat katastrofe behar ditugu behingoz ekintzara pasatzeko?

Nire ustez, lubakian defentsarako zanga bat bezala ekitea besterik ez dugu. Eta hori eskura ditugun edo guk geuk asmatutako baliabideekin egin beharko dugu.Ez da kexatzeko ez atsekabetzeko unea. Dugun tresnarik boteretsuena erabiltzeko garaia heldu da, irudimena. Ez du ez saririk ez krediturik jasoko, ez baita ikusgarriena izango. Iruditegiaren atzealdea, askok hain gustuko duten eldarnio elitista eta harroaz haraindi. Jarrera aldatu ezean, Antropoztenoko hondakina geratuko zaigu hondare gisa, zeina etorkizuneko belaunaldiei post-pandemia souvenir modura salduko den. Ordurako baten bat geratzen bada.

Konponbidea ez da argitzapen indibidualen bitartez aurkituko; elkarrizketa, enpatia eta zarata behar da, hondo-hondokoa bada ere. Zarata-hotsa, geruzaz geruza, sakoneraino iritsi arte. Fikzioak irenstea nahi ez badugu, berridatzi behar den amaiera beldurgarrira bidean.

Erreferentziak:

  • Attali, J., Jameson, F., & Massumi, B. (2014). Noise: the political economy of music. Mineápolis [etc.: University of Minnesota Press.
  • Barceló, E. (2020, 4 de mayo). Distopías, ensayo de la realidad. El futuro después del coronavirus. El País. Recuperado de https://elpais.com/especiales/2020/coronavirus-covid-19/predicciones/distopias-ensayo-de-la-realidad/
  • Bauman, Z., & Santos, M. A. (2017). Retrotopía. Barcelona : Paidós.
  • Berardi, F. (2019). Breathing: Chaos and poetry. Los Ángeles: Semiotext(e).
  • Bridle, J. (2018). New dark age: Technology, knowledge and the end of the future. Londres: Verso, New Left Books.
  • DeLillo, D. (2016). White noise. Nueva York : Penguin Books.
  • Le Guin, U. K., (2018a). Contar es escuchar: sobre la escritura, la lectura, la imaginación. Madrid: Círculo de Tiza.
  • Le Guin, U. K., y Horne, M. (2018b). Los desposeídos. Barcelona : Minotauro.
  • Virilio, P., & Benegas, N. (2003). Estética de la desaparición . Barcelona: Anagrama.

Raquel Meyers (Cartagena, 1977). Bilbon bizi den diziplina anitzeko artista, bere praktika mekanografia hedatua (KYBDslöjd) bezala definitzen duena. Testu-karaktereak eta teklatu-pultsazioak gauzatzen ditu pantailaz harago, eta teknologiarekin dugun lotura zalantzan jartzen du. Ez da asmakizun arbitrario hutsa. Oinarriak eta erreferentziak idazmakinan, poesia konkretuan, demoszenean eta basakerian ditu.

2004tik hainbat arte zentroetan, galerietan eta jaialdietan erakutsi du bere lana: Ars Electronica, Transmediale, Xpo Gallery, La Casa encendida, Liste Art Fair Basel, The Wrong – New Digital Art Biennale, La Gaîté lyrique, Tokyo Blip Festival, Square Sounds Melbourne, Supernova Denver, Vector Festival Toronto, ETOPIA, CRUCE, LABoral, iMAL, VISION’R, Mapping, Eufònic Urbà, LEV, MFRU, HeK, …

http://www.raquelmeyers.com