Erresistentzia-lekuak

Artistek, normalean, ez dute izaten egoera ekonomiko patxadatsurik, ezta euren lanak gizartearentzat duen balioaren aintzatespen nahikorik ere. Artea, berez, kontrakulturala eta kritikoa den jarduera profesionala da; horregatik, ez da soilik publikoari atsegin emateko egiten, baizik eta, artistaren zehaztutako denboran gogoetak sortzeko eta gizarte-balioak zalantzan jartzeko baizik. 

Artea erresistentzia sozialaren espazioa da. Lan-eremuan gorpuzten da kultura-erakundeen, hiri-espazioaren, eskulturaren eta arkitekturaren bidez publikoarengana proiektatuz. Hegelen arabera, arkitektura “kanpokotasunaren artea da eta eskulturarekiko ezberdintasunak ditu. Objektuak esanahi propioa izan dezake, edo kanpo-helburu baten bitarteko gisa funtzionatu dezake, menpekotasun horrek berak, era berean, objektua bere erabilgarritasunetik askatzen duelarik. Bere “ Estetikari buruzko ikaspenetan”, filosofo alemaniarrak “eskulturan, barne espirituala iradoki baino ezin dela egin” gogorarazten digu. Arkitekturan, aldiz, “[barne espitirual hori] forma sentigarrian eta kanpoko materialtasunean existitzen da, bi dimentsioak bata bestearen osagarri direlarik. Bietako bat ere gailendu gabe”.

Gizartea krisialdian dagoenean, norbere espazioa artistaren funtsezko babesleku bilakatzen da. 

Lanbide guztien artean, artea espazio arkitektonikoetara moldatzeko duen gaitasuna dela medio, abangoardian dago; artistak gai dira leku berean gainerako pertsonek baino trebetasun handiagoz lan egin eta bizitzeko. Artistek asmatu zuten “loft” deritzen espazio industrial abandonatuetara egokitzeko adaptazio-tipologia. Etxebizitza eta lanerako egokitutako lantegi-espazioa. Horrelako horma eta zutaberik gabeko espazio jarraituek fabrikazio-espazioek zituzten ezaugarriak dituzte, artistaren lanerako eta bizitzarako egokiak direnak. 

“Estudio-etxearen” gaia arkitekto ezberdinek jorratu dute eta, beste kasu batzuetan, okupatzaileek eurek ebatzi dute. Tipologia horren adibide ugari daude arkitektura modernoaren maisulanen katalogoan. Horietan guztietan, bizitza eta lana nahasten dira, espazio konbentzionaletatik biztanleen erabilera-proposamenetara egokitutako leku bereziak sortuz. Arkitekturaren historiako ikasketa-etxe nabarmenetako bat Frida Kahlo eta Diego Rivera margolariarena da, 1932an Juan O’Gorman arkitektoak Mexiko hirian eraikia. Latinoamerikan diseinatutako lehen etxe funtzionalista izateagatik nabarmentzen da.

Diego Rivera eta Frida Kahlo-ren Etxe-Estudioa. Arkitektoa: Juan O ‘Gorman. Eraikuntza data: 1929-1931. Mexiko Hiria.

Parisen artistek hartu zituzten apartamentuen egokitzapenen artean, Piet Mondrian margolariaren etxebizitza eta estudioa gailentzen dira. Rue du Departeko 26. zenbakian (1921etik aurrera). Alberto Giacomettiren (1926tik aurrera) estudio eta etxebizitza ere ezin da aipatu gabe utzi Rue Mandrioneko 46. zenbakian. Honek ez zuen diseinurik baina margolari eta eskultore suizarrak berrogehi urtetan zehar eraldatuaz, estudioa bera maisulana bilakatu zuen. 

Piet Mondrianen estudioko Frans Postmaren berreraikuntza, rue du Depart-eko 26. zenbakian, Paris, 1921.

Alberto Giacometti-ren estudio eta bizilekua, rue Mandrion-eko 46. zenbakian, (1926-etik), Paris.

Estudio-etxea gai errepikakorra da arkitektura modernoan. Kasu batzuetan, arkitektoak diseinatutako etxea izaten da, besteetan, ordea, artista-bezero batekin sortze prozesuan elkarlanean eraikitakoa.

Pertsonen ohiturak aztertzea eta ezagutzea da arkitetoen lanaren funtsezko atal bat. Erabiltzaileen beharretara egokitutako espazioak diseinatzeko, proiektugileek etxebizitza edo lantokiaren erabilera ikertu behar dute lehenengo. Arkitektura-diseinua ez da irizpide teknikoetara soilik murrizten. Alderdi soziologikoak ere aintzat hartzen ditu, eta hauek behaketa zuzenaren bidez bakarrik iker daitezke.

Horregatik, eraikinak bisitatzea, beharren programak aztertzea eta, batez ere, irtenbideak bilatzeko pertsonekin harremantzea ezinbesteko baldintzak dira proiektu batek arrakasta izan dezan. Azkenaldian, artista asko elkarrizketatzeko aukera izan dut. Haien lan-espazioak nolakoak diren ezagutzeko eta lana ahalik eta erosoena izateko espazioek izan behar dituzten ezaugarriak behatzeko. Harritu egin nau horietako gehienek helburu horietarako diseinatu ez diren espazioetan lan egiten dutela jakiteak. Batzuek euren etxebizitzetan, bulego izatekoak ziren espazioetan, edo estudio bilakatutako eraikin industrialetan egiten dute lan. Hala ere, denek behar dute argiztapen natural egokia; zenitala (sabai-leihoen bidez) eta homogeneoa. Itzalak sortzen ez dituena edo eguzkiaren argiak zuzenean ematen ez duena. Papela, tela eta pintura erraz hondatzen baitira eguzkiaren argiarekin.

Espazioen ezaugarri fisikoez haratago, artistek barne-hausnarketarako eta inspirazio estetikorako leku bezala definitzen dute. Sortze eta ekoizpenerako kontzentratu ahal izateko. Artisten espazioak oso intimoak dira baina, era berean, toki irekiak izan behar dute. Izan ere, horietako askok lanak erakutsi behar izaten dituzte estudioan bertan, edo ume zein helduei tailerrak eskaini. Artistaren espazioa, kasu batzuetan, familiarekin partekatzen da. Hau etxebizitzaren parte denean, eta zaintza-lanetan ordezkatu ezin dituztenetan, asko seme-alaba txikiekin lan egitera behartuta dute.

Artistak, zalantzarik gabe, baliabide gutxiko espazioak egokitzeko gai dira. Eguneroko bizitza sormen-lanarekin uztartuz. Lantokia eta etxebizitza erabakigarriak dira artista askoren ekoizpenerako. Baina Heidegger, Jung eta Hegel bezalako filosofo askok ere landa-eremuan etxebizitzak eraiki zituzten. Atseden hartzeko, lankideekin solasean aritzeko edo pentsamenduak lantzeko toki aproposaren bila. 

Arkitektoek beren espazioetako biztanleekin duten harremana desberdina da obra bakoitzaren kasuan. Artistak bereziki interesgarriak dira lanak ekoizten dituzten espazioen erabiltzaile gisa. Horietako batzuek lotura estuak sortzen dituzte proiektuak enkargatzen dizkieten arkitektoekin. Mexikoko arkitekturaren historian kasu interesgarriak daude. David Alfaro Siqueirosek, esaterako, etxe bat eskuratu eta 1951n berriztu zuen. Bertan eskortzo konplexuekin eta poliangelutasunaren ideiarekin lotutako muralak egin zituen. Margolariak oinordetzan utzi zuen etxea mexikar herriarentzat, “Sala de Arte Público” bezala berrizendatuz.

Siqueiros Arte Publikoko Aretoa, Mexiko Hiria

Beste artista batzuek etxebizitza eta estudio proiektuak eurek egitea erabaki dute, Georgette Klein ehungintza diseinatzaile suitzarrak kasurako, Barbengo herrixka txikian, Ticinon, 1932an bere etxea eraiki zuen Luigi Tentori senarrarekin batera. Proiektua, izan ere, Alemanian garai hartan pil-pilean zegoen objektibotasun berriaren ideien aplikazio bikaina izan zen. 

Georgette Klein eta Luigi Tentori etxea, Suitza, 1932.

Zalantzarik gabe, artistek garrantzi handia ematen diote lan egiten duten espazioari. Estudioak euren barne-munduaren materializazioa dira, bizi edo lan egiteko leku inprobisatuak dira. Era eta tamaina guztietakoak daude, baina denek izan behar dute argi nahikoa. Leihoek espazio txiki bat zabalagoa sentiarazten laguntzen dute. Artista batzuentzat, batez ere gazteak direnentzat, lanerako duten espazio bakarra eskola edo logela izan ohi dira. Hala ere, ibilbide artistikoak aurrera egin ahala, espazio horiek hazi eta pertsonalizatu egiten dira. Zenbaitetan artistek beste lankide batzuek lan egiten duten eraikin industrialak okupatzen dituzte. Ia beti arrazoi ekonomikoak direla medio.

Artistaren benetako espazioa obraren barnealdea da, bere ingurua bigarren mailan uzten duen arreta-gune nagusia. Baina tailerra irakasgaiak emateko erabiltzen denean ere espazio kolektiboa da. Tailerrak espazio gardenak izatea bilatzen da, beharrezko intimitatearekin, distrakziorik gabe lan egin ahal izateko. Norbere baitan biltze hori hiperaktibitatearekin, gauzatze-lanekin, tresnekin, hormen gainazal saturatuekin, makinekin, zaborrarekin eta biltegiratzearekin kontrastatzen da, artistei dena gordetzea gustatzen baitzaie.

Tailerretan ez dira obrak bakarrik sortzen, pentsamendua ere ekoizten da. Tailerra, etxe bateko balkoia edo parke bateko banku bat ere izan daiteke. Artistak bere barne mundua edozein lekutara eramaten du. Soinua lehengai duen artista batentzat, mihise hutsa isiltasuna da. Hala ere, pertsona guztientzat da garrantzitsua kontaktu soziala, izaki singular-pluralak baikara. Gizakiok ezin gara besteak gabe bizi, ezta kanpoko espazio, hiri eta naturaren kontakturik gabe ere.

Osasun-larrialdiek eta krisi ekonomikoek, zalantzarik gabe, lan artistikoa prekarizatzen dute, baina ez diote eragiten tailerren barruan dagoen energia sortzaileari, ezta behartutako konfinamendu-aldietan ideiak inkubatzeari ere.

Lorenzo Rocha, ekaina 2020.

Lorenzo Rocha. Arkitekto mexikarra, espazioaren erabilera esperimentalean oinarritzen da bere interesa. Gaur egun, diziplinarteko praktikak sartzen ditu bere lanean, diseinuak eta esku-hartzeak sortzen dituen espazioetan duten eragina aztertzeko. Bere belaunaldiko arkitektoen praktikaren adibide errepikari bat espazioak berraktibatzea da, erabilera sozialaren bidez. 2005etik arte garaikideko [ESPACIO] aldizkariko zuzendari editoriala da. Milenio egunkariaren kolaboratzaile erregularra da 2006tik. 2011n “Ensayos sobre fotografía y arquitectura” liburua argitaratu du, eta 2018an “Arquitectura  crítica. Proyectos con espíritu inconformista”. Gaur egun, Oficina de arte-ko zuzendaria da, Mexiko hiriko erdigunean egoitza artistikoetarako gunea.