BILBAO ARTE FUNDAZIOAREN FATXADA BERRITZEKO PROPOSAMEN ARTISTIKOEN LEHIAKETAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

LEHIAKETAREN XEDEA

Deialdiaren helburua da Bilbao Arte Fundazioaren fatxada nagusiko pintura berritzeko proposamen artistiko bat hautatzea, Urazurrutia kaleko 32. zenbakian (Bilbo), elementu hori egungo ekoizpen eta esperimentazio artistikoaren arloko zentro baten irudi bisual gisa berezitze aldera.

ZIOEN AZALPENA

Ia 25 urteren ondoren, eraikinaren fatxada nagusian saneamendu-lanak eta pintura berritzeko lanak egin behar dira. Azken gune horri dagokionez jaso nahi dugu gure inguruko arte-munduaren lankidetza.

Egitate horri garrantzia eta berezitasuna emateko asmoz, Bilbao Arte Fundazioak, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoaren arloko zentroak, proposamen artistikoen lehiaketa bat antolatu du eraikinaren fatxada nagusia oinarri piktorikoarekin berritze aldera.

Hainbat arlotako epaimahai batek aukeratuko du proiektu irabazlea. Bilbao Artek herritarren laguntza izan nahi du auzoaren ezaugarrietara hobekien egokitzen den proiektua bozkatze aldera.

Hautatzen den proiektua enpresa profesional espezializatu batek gauzatuko du, betiere haren egileek edo artistek gainbegiratuta.

SARIA

  1. Saria bakarra izango da,
  2. Sariaren zenbatekoa 6.000 € gordin izango da.

PARTE-HARTZAILEEN BETEKIZUNAK

Bizkaian jaio edo bizi diren artista guztiek parte hartu ahal izango dute, adin-mugarik gabe.

Egile-talde baten lana aukeratzen bada, egoitza soziala Bizkaian izan beharko du. Ordezkari bat izendatu beharko dute, BilbaoArterekin harremana izango duena eta, gainerako egileek idatziz baieztatu ondoren, jarduteko modua adieraziko duena.

PROPOSAMENAK

Proposamenei dagokienez:

  1. Izenburu eta egile identifikatuak izango dituzte.
  2. Kolore, teknika eta diseinu askekoak eta originalak izan daitezke.
  3. Eraikinari, inguruneari eta eraikina bistaratzeko gaitasunei egokitu beharko zaizkie.
  4. Ezin izango dituzte lehendik dauden egitura-elementuak edo dekorazio-elementuak aldatu
  5. Proiektuen gaiari eta edukiari dagokienez, libreak izango dira. Bilbao Artek, hala ere, kanpoan utzi ahal izango ditu hirugarren pertsonen ohorearen aurkako edukiak dituzten edukiak, bai eta gizartearen gaitzespena eragin dezaketen, ordena publikoaren aurkakoak diren edo legearen esparruan ez dauden eduki guztiak ere. Horrez gainera, indarrean dagoen araudia errespetatuz eskuratu beharko dira, eragin diezaiekeen gaiaren arabera.
  6. Pertsona eta talde bakoitzeko gehienez bi proposamen aurkeztu ahal izango dira.

ESKABIDEAK AURKEZTEA

Aurkeztu behar den dokumentazioa

  • Parte hartzeko eskabidearen fitxa.
  • NAN/IFK kopia
  • Errolda-ziurtagiria edo egoitza soziala
  • Banku-kontuaren titulartasun-ziurtagiria.
  • Zerga-betebeharrak ordaindu izanaren ziurtagiria
  • Gizarte Segurantzako kuotak ordaindu izanaren ziurtagiria
  • Curriculum vitaea
  • Proiektuaren azalpen laburra (gehienez 1.500 karaktere)
  • Proiektuaren irismena eta izaera hobeto hautematen lagunduko duten zirriborroak, eskemak eta material grafikoa.
  • Dagoeneko ekoitzitako material grafikoa eta/edo aurreko lanen gaineko beste edozein material osagarri

Proposamenak aurkeztea

Proposamenak bilbaoarte@bilbao.eus helbidera bidaliko dira, gaian honako hau adieraziz: FATXADA-LEHIAKETA + IZENA ETA ABIZENA.

Ondoko formatu hauek onartuko dira:

  • Laburpena WORD edo PDFn.
  • Zirriborroak eta material grafikoa, honako euskarri hauek erabiliz: PDF, JPG edo PNG, RGB, 8 bit. Proiektuari buruzko informazioa zabaltzeko dokumentazio osagarria WORD edo PDF formatuan aurkeztu ahal izango da.

Aurkezteko azken eguna: 2022ko apirilaren 1a apirilaren 28ra arte luzatuta, 23:59etan 

HAUTAKETA-PROZESUA

Bilbao Arte Fundazioak, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko irizpideei jarraituz, gehienez 10 hautagaitza aukeratuko ditu.

Aukeratzen diren proposamenak Fundazioaren instalazioetan jarriko dira ikusgai, 15 eguneko epean, herri-bozketa bat egite aldera. Bozketa hori ez da loteslea izango, eta kontuan hartuko da irabazlea proposatzeko.

Epaimahaia Fundazioko patronatuko ordezkari batek, Surbisako ordezkari batek, Bilbao Arteko ordezkari batek, artista batek eta Bilbo Zaharreko auzo elkarteko ordezkari batek osatuko dute. Hamar hautagaitzak baloratuko dira, eta herri-bozketaren emaitza kontuan hartuko da. Ebazpena parte hartzen duten artista guztiei jakinaraziko zaie eta Bilbao Arteren webgunean argitaratuko da.

Azken erabakia Bilbao Arte Fundazioak hartuko du.

ORDAINKETA

6.000 euroko diru-sarrera bi epetan ordainduko zaio artistari (biak 2022. urtea amaitu aurretik):

  • % 50 faktura, fatxadako esku-hartzearen hasieran
  • % 50 faktura, esku-hartzea amaitutakoan.

Ordainketa artistak aurkezten dituen banku-datuen fitxan adierazten den kontu-zenbakian egingo da.

Ordainketak eraginkorrak izan daitezen, oinarri hauetan ezarririk dauden eginkizunak eta beharkizunak behar bezala bete beharko dira, bai eta horiek garatzeko BilbaoArteko langileek jakinarazten dituzten jarraibideak ere.

Kolektiboek aurkezten dituzten proiektuen kasuan, parte hartzeko eskabidean adierazitako kontu-zenbakian sartuko dira diru-laguntzak. Bilbao Artek ez du inolako erantzukizunik izango kolektiboko kideen erlazioari dagokionez.

ALDERDIEN BETEBEHARRAK

Bilbao Arte Fundazioak betebehar hauek ditu:

  • Lehiaketaren saria finantzatzeko zenbatekoa ematea.
  • Proiektu-proposamenari leial eustea.
  • Artistak proiektua aurkezten laguntzea profesional espezializatuen taldearekin
  • Bitartekaritza ideia-desberdintasunen kasuan
  • Programaren fase bakoitzerako aurreikusitako epeak betetzea

Proposamen irabazlearen artista edo arduraduna ondoko hauek betetzera behartuta dago:

  • Esku-hartzeen diseinuaren fitxategiak ematea.
  • Lanaren produkzioaren eta muntaiaren jarraipena, orientazioa eta in situ gainbegiratzea, amaitu arte.
  • Bilbao Arteri esku-hartzeen garapenaren eta izan daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea.

Baldin eta egileak esku-hartzea ikuskatzeko lana betetzen ez badu, programatik kanpo geratuko da, eta diru-zuzkidura jasotzeko eskubidea erabat edo zati batean galduko du.

KONFIDENTZIALTASUNA

Bilbao Arte Fundazioak deialdian aurkeztutako dokumentazioaren konfidentzialtasuna bermatzen du. Datu pertsonalen babesa arautzen duen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa beteko dela bermatzen da, lege horren aplikazio-eremuan dauden eta ematen diren datuetarako.

DATU PERTSONALEN BABESA

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedaturik dagoenaren arabera, BilbaoArtek jakinarazten du programa honetan parte hartzea eragiten duen dokumentazioan agertzen diren datu pertsonalak fitxategi batean sartuko direla. Fitxategi hori Fundación Bilbao Arte Fundazioaren titulartasunekoa da, eta honako helbide hau du: Urazurrutia kalea 32, 48003 – Bilbo. Ematen dituen zerbitzuak kudeatzeko helburua du. Fitxategi horrek segurtasun-neurriak izango ditu, bai eta erakunde publikoei datu publikoak lagatzeko baimena ere. Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak berariaz onartzen dituen datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta datuen aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzu, Bilbao Arteri idatzizko jakinarazpen bat bidaliz.

BESTE BALDINTZA OROKOR BATZUK

Bilbao Artek oinarri hauek interpretatzeko eskubidea izango du zalantzak sortzen dituen edozein egoeraren aurrean, eta erabakiak behin betikoak izango dira.

Programa honetan parte hartzeak esan nahi du parte-hartzaile guztiek erabat onartzen dituztela oinarriak.

OINARRIAK CAS: (.pdf) | OINARRIAK EUS: (.pdf)

ESKABIDE-ORRIA: (.doc)