2018ko apirilaren 27tik irailaren 10era, astelehenetan eta ostiraletan, Ingmar Bergmani eskainitako zine ziklo bat izango dugu BilbaoArteko Art House Zineman, jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpitituluekin. 20 astetan zehar zuzendari suediarraren filma nabarmenenak proiektatuko dira «Sommaren med Monika»-rekin hasiz eta «Fanny och Alexander»-ekin amaituz.

Iruñeko Udala eta BilbaoArte Fundazioaren arteko lankidetzari esker sortzen da ekimen hau. Sarrera doan aretoa bete arte.

 

Bakardade existentziala

2007ko uztailaren 30ean, Fåröko irlan (Suedia), 89 urte zituela, Ingmar Bergman desagertu egin zen. Michelangelo Antonionirekin batera izan zen kasik. Zoriak horrelako txantxa arraroak omen dauzka: udako egun berberan, jadanik Monicaren garaitik urrun, XX. mendeko zuzendarien garrantzitsuenetariko bi hiltzeko ados jarri ziren. Zenbait ordu geroago, Carlos Fuentesek hauxe esango zuen: “Bat-batean itsu bilakatu bagina bezala da, gure aroko bideak hobekien argitu zituzten bi faro gabe”.

Ingmar 1918ko uztailaren 14an hil egin zen; hau da, bere mendeurrena ospatzen ari gara.
Ehun urte Bergmanekin, zeinaren jardunbide zinematografikoa hasi zen Bigarren Mundu Gerraren amaiera gertu zegoenean. Haren lehen filma, Crisis, 1945ean zuzendu zuen. Hori baino aurretik, geroago eta haren bizitza osoan zehar, Bergman antzerkiarentzat bizi izan zen bere sorterrian.

Suediak, bi herrien artean itoa (Alemania ekialdera eta SESB mendebaldera), etikoki oreka eztabaidagarria mantendu zuen. Han, Bergmanek, haren herrikideek bezala, garai horren amaiera eta gaur egungo garaiaren helduera izan zen laztura urrutitik bizi izan zuen. Dualtasunak bere izatea markatu zuen. Artzain luterano zorrotz eta Valoniako andre limurtzaile baten seme, Ingmarren biografia “Jainkoaren isiltasunak” eta gizakien miseriak markatua izan zen.

Bergmanen odolaren DNA fedearen eta haren faltaren globuluz beteta zegoen. Bere herenaitona ere apaiza izan zen, eta beste artzain baten alabarekin ezkondu zen. Handik urte askotara Ingmaren aitak gauza bera egin zuen. Haren haurtzaroa beldurrez eta itxaropenez betetako garaia izan zen. Michael Haneken pelikula La cinta blanca Bergmanen haurtzaroaren emozio-klima horren adibide argia da. Filman, Bergmanen familian bezala, “zigorrak guztiz naturala zen, inoiz ez zen zalantzan jarri. Batzuetan, zigorrak bizkorrak eta lañoak ziren, zaplada edo ipurdekoen moduan, baina beste itxura batzuk hartu zitzaketen”. Aitaren figurak eta erligioak errua, bekatua, zigorra eta barkamenaren ideia besarkatzen zuten. Amarena ihes egiteko grinaren eta pairatzeko betebeharraren eredua zen. Biek lagundu egin zuten bizitza osoan zehar, zeren eta haurtzaroak, garai zoriontsu/zorigaitz hark, ez zion oso urrutira joaten utzi. “Nire ustez, egin dudan guztia, balio daukan guztia, nire haurtzaroan errotuta dago. Segundo bat baino gutxiago behar dut garai hartara zuzenean bueltatzeko”.
Prozesu dialektiko hori jarraituz, bere aita artistikoak August Strindberg eta Victor Sjöström izan ziren. Biek izan zuten eragina Bergmanen izaeran, biak presente egon ziren bere lanean. Haien ondarea, izen garrantzitsuenekin beti gertatzen den moduan, denok aitortzen dugu, baina gutxik ezagutzen dute.

Honako filma zikloak 19 aste iraunduko du, eta XX. mendeko zinemagintzan eragin handien izan duten pelikula batzuetan murgilduko da. Bergman hil zenetik 11 urte geroago, berrikustera gonbidatzen zaituztegu. Guztiok biziki gogoratzen omen ditugu pelikula erraldoi hauek, zergatia zehazki ez badakigu ere. Askorentzat, bereziki gazteen artean, izatearen estutasuna eta gizabanakoaren bakardadea hobekiago islatu zuen artistarekin elkartzeko dira lehen aldiz. Gehiegizko argitasuna dauka Bergmanek argi-ilun garai honetan. Hala ere, haren filmek, Carlos Fuentesek esandakoa hartuz, ez dute argi ttipi bat pizten duenak emandako argitasuna da, baizik eta gehiegi argitzen dutenen itsumena, bai egiazkotzat hartzen duguna, bai fantasiaren eta ezezaguna denaren erreinuari dagokiona.

 

Zine zikloa: Ingmar Bergman (Apirilaren 27tik irailaren 10era)

Apirilak 27 / apirilak 30, 19:00

«Sommaren med Monika»

1953. 97′. Harriet Andersson, Lars Ekborg, John Harryson

“Harriet Andersson zinemako jeniorik handienetako bat da. Bakarrik ale distiratsu batzuk aurkitu daitezke zinemaren oihanaren bideetatik.” – Ingmar Bergman

Filma hau, Bergman kritikari frantsesen jomugan jarri zuena, agian ez da zuzendariaren ezagunena ezta adierazgarriena ere, baina bai eragin handikoenen bat. Un verano con Mónica izeneko filma honek Harry (Lars Ekborg ) eta Mónicaren (Harriet Andersson) istorioa kontatzen digu. Maitasunak mugiaraziak elkarrekin bizitzeko ihes egin duten bi gazte dira Harry eta Mónica, haien bizitza frustragarriak aldean utziz. Uda horren estasi iheskorrean dena posiblea da eta, beraz, agian guztia ez da haiek espero duten moduan joango.

Laster, Anderssonen tankera eta sentsualitatea kameraz jabetzen dira. Keinu eta mugimendu bakoitzean maitasun-ekintza bat egongo balitz dirudi, filmaren epizentro bilakatuta. Antzezlearen lehen lan nagusia dugu Un verano con Mónica, non zuzendariak eskaintzen baitigu, artifizio barik, gaztaroaren arrastuari oda mingots eta gordina.

maiatzak 4 / Maiatzak 7, 19:00

«Gycklarnas afton»

1953. 93′. Åke Grönberg, Harriet Andersson, Hasse Ekman

Filosofia eskandinaviarrean oinarritutako filma hau sexu-grinari, ahaldunei eta gizakien makaltasunari inguruko hausnarketa sakonaren emaitza da. Hauek guztiak Ingmar Bergmanek denboran zehar bere lanen ezaugarri bihurtuko zituen aldeak dira.

Albert (Åke Grönberg) zirku goibel eta txiki baten jabea da, arazo ekonomikoek larritua. Aspaldi bere emaztea eta haurrak bertan behera utzi zituen, eta orain Anne (Harriet Andersson) izeneko amazona gazte eta lizunarekin bizi da. Alabaina, bizimodu horrek jadanik ez du Albert asetzen, eta honek bere familiarekin bueltatzeko modua bilatzen hasiko da.

Bergmanen filmik mingotsenetariko bat da hau, non giza harremanen hauskortasuna deskribatzen duen kutsu ilun, zapaltzaile eta existentziala erabiliz.

maiatzak 11 / maiatzak 14, 19:00

«Kvinnodröm»

1955. 87′. Eva Dahlbeck, Harriet Andersson, Gunnar Björnstrand

Sentimenduzko dramak Bergmanen filmografian ohikoak diren arren, zuzendari suediarra beti saiatu da eragozten bere filmak pertsonaiek gainditu behar dituzten gatazken erakusgai izatea. Ordea, hezur-haragizko pertsonai sakonak dira. Bergmanek ezaugarri duen era soil eta hotz horretan, erakusten digu maisutasun paregabeaz, begirada eta keinu bakoitzean, gizaki guztiok ezkutatzen dugun barneko mundu sakona.

Sueños izeneko filma hau dugu honen eredu: bi ipuin labur eta mingotsak lotura komun batek elkartuak dira bi protagonistak; hots, harreman profesionala duten bi emakume. Doris (Harriet Andersson) modelo gazte eta buruarin bat da; bere nagusia, Susanne (Eva Dahlbeck), helduagoa, ihes egiten ari zaion gaztetasunari heltzen saiatzen ari da. Biek beste hiri batera jo behar dute lan baterako. Han, bakoitzak bere ezerezerako abentura biziko du.

Maiatzak 18 / Maiatzak 21, 19:00

«Sommarnattens leende»

1955. 109′. Eva Dahlbeck, Ulla Jacobsson, Harriet Andersson

Ohitura-komedia xarmagarria dugu hau, non landetxe batean elkartzen baitira bikoteak, bikote ohiak eta bikote izatear direnak, 1900eko udaren asteburu batean amodiozko jolasean arituak.

XIX. mendeko amaiera. Suediako hiri txiki batean, Fredrik Egerman (Gunnar Björnstrand) izeneko abokatuak harreman platonikoa daukat bere emazte birjinalarekin, Anne (Ulla Jacobsson). Henrik, Fredriken emazte ohiaren semea, Petra (Harriet Andersson) familiaren dontzeilaren atzetik dabil. Desirée (Eva Dahlbeck) izeneko antzezlea, Fredriken maitale ohia, hirian dago, eta Fredrik bera ikustera etorri da. Desiréek maitale berria dauka orain, Malcolm Kondea, Charlottekin ezkonduta dagoena. Denak gonbidatuta daude Desiréen amaren landetxean festa bat ospatzera asteburuan.

Bergmanek giza maitasunaren espektro osoa esploratzen du, gaztaroaren mirespenetik senideen arteko ongurara, grina neurotiko eta herratsutik gogoen bakardadera, haurren apetatik helduaroaren etsipenera… Filmaren hasieran, gizonek harrotasuna eta ilusioak dituzte; baina udako gau misteriotsu honen bukaera heldu baino aurretik, emakumeak jabetuko dira gizonezkoez.

Uda suediarra laburra eta bizia da. Bergmanek fenomeno horri erantzuten dio, argiak eta beroak nola sexu-utzikeria eta amodio bizia pizten dituzten nabarmenduz. Negua laster etorri eta pertsonaiak introspekzioan eta etsipenean berriz hondoratuko dira eta.

Maiatzak 25 / Maiatzak 28, 19:00

«Det sjunde inseglet»

1957. 96′. Max von Sydow, Gunnar Björnstrand, Nils Poppe

Det sjunde inseglet mundu-mailako zinemaren klasiko eta historiako filmik onenetariko bat dugu. Bergman nazioarteko mailako zuzendari koroatu egin zuen, denboran zehar ikono bilakatu diren eszenen bidez, non hainbat omenaldi, analisi eta parodia iradoki baitituzte.

Erdi Aroko Suedian, XIV. mendeko izurri beltzean oinarrituta, filmak zaldun (Max von Sydow) baten istorioa kontatzen du. Zalduna, zalantzek atsekabetua daukatela, bere gaztelura bueltatu da gurutzadetan alferreko borrokan 10 urtez aritu ondoren. Halako batean, Herioa (Bengt Ekerot) agertzen zaio, zaldunaren eske. Hil baino aurretik jakitea lortzeko asmoz, zaldunak xake partida bat jokatzeko desafioa egiten dio Herioari. Partidan zehar, zaldunak krudeltasun eta sufrimendu erakustaldiak ikusten ditu, Iván Karamazoven arabera Alyoshak jaso egin zituen modukoak. Irudiak eta iragarpenak erdi arokoak badira ere, azpi-testu filosofikoa modernoa, existentziala baian erotikoa ere da, tentsioa eta tormentu irudipen bat gehituz.

Titulua Apokalipsiaren liburuari erreferentzia da, filmaren hasieran agertzen dena: “Bildotsak zazpigarren zigilua ireki zuenean, isiltasuna egin zen zeruan ordu erdi batez edo”.

Ekainak 1 / Ekainak 4, 19:00

«Smultronstället»

1957. 90′. Victor Sjöström, Bibi Andersson, Ingrid Thulin

Smultronstället goren mailako medikua den Isak Borgi buruz doa, Victor Sjöströmek antzeztua. Erretiroa hartzeko dagoela doctor honoris causa titulua jasoko du Borgek. Ospakizunerako bidean, ametsak, metafisika eta filosofia bilbean nahasten hasiko dira. Aldi berean, Borgen topo egiteak adiskide eta ezezagunekin bere izateari zentzua emango dio irudi ederren eta sentimen sakonen bidez.

Zuzendari suediarraren filmik sentikor eta optimistetariko bat da filma hau, ezinbesteko gai gizatiarrak lantzen dituztena; hots, bakardadea, bizitza, heriotza, bizitzaren zentzua, giza harremanak, amodioa edo barkamena.

Nabarmentzekoa da Victor Sjöström antzezle, gidoilari eta zuzendari suediarraren antzezpena, Isaken istorioa hain era hunkibera eta sakonean kontatzen duena. Bergmanen hitzetan: “Victor Sjöströmek harrapatu zidan neuk egindako testua eta hartaz jabetu egin zen, bere eskarmentua emanez: bere sufrimendua, misantropia, bazterketa, basakeria, tristura, beldurra, lazkeria, asperdura. Nire aitaren itxura hartu eta nire arima okupatu egin zuen, eta horretaz guztiaz ni egin ninduen jabe.” Smultronstället Sjöströmek parte izandako azken filma izan zen. Zuzendaria bertatik hiru urtera hil egin zen, 1960an.

Ekainak 8 / Ekainak 11, 19:00

«Ansiktet»

1958. 102′. Max von Sydow, Ingrid Thulin, Gunnar Björnstrand

Ansiktet filmak Emanuel Vogler (Max von Sydow) izeneko mago misteriotsuaren istorioa kontatzen digu. Vogler bere antzerki konpainia txikiarekin bidaiatzen ari da XIX. mendeko Suediatik. Herrixka batera heltzean, leku hartako boteretsuek mentalistaren abiltasuna proba egiteko nahiaz, esperimentu bat antolatuko dute jendaurrean.

Egitura teatral eta giro iluneko trama honek, espresionismo alemaniar modukoak, bere lanen arteko gai ohiei buruz hausnartzera bultzatzen du zuzendaria: itxuraren dilema, egia eta heriotza, besteak beste. Aldi berean, argumentuan ezartzen doaz zenbait konfrontazio: arrazoimena eta zientzia, ulertezina eta azaltzeko gai dena, ikusgai dena eta ikusezina; denak kontrajarritako jarrerak, Dr. Vergerus eta Dr. Vogleren pertsonaiak eredu, hurrenez hurren.

Kritikarien artean gutxien aldarrikatu egin diren Bergmanen filmen artean egon arren, eszenaratze adimentsuak eta aktore guztien lan bikainak filma aipagarri egiten dute maisu suediarraren filmografian.

Ekainak 15 / Ekainak 18, 19:00

«Jungfrukällan»

1960. 88′. Max von Sydow, Birgitta Valberg, Gunnel Lindblom

XII. mendea. Herr Tore (Max von Sydow) eta Mareta Tore (Brigitta Valberg) ezkondutako bikote jainkotiarra da. Haien alaba birjina Karin (Brigitta Pettersson) bidali dute Ama Birjinari kandelak eramatera. Bidean, neskak basoa zeharkatu behar du, non intentzio maltzurreko hiru artzainekin topatzen den.

Ingmar Bergmanek, Ulla Isaksson laguntzarekin gidoian, erdi aroko olerki suediar bat moldatu egin zuen filma honekin. Kontrasteetan oinarrituta dago mendekuari eta lañotasun galduari buruzko istorio hau, ongiaren eta gaizkiaren elkartzean kokatuta, baita okertzearen eta garbitasunaren, bizitza zoragarriaren eta errealitate gordinaren artean ere.

Jungfrukällan antzezpen bikaineko filma da, ohi bezala Bergmanen lanekin, eta ingelesez besteko film oneneko Oscar saria irabazi zuen.

Ekainak 22 / Ekainak 25, 19:00

«Såsom i en spegel»

1961. 91′. Harriet Andersson, Gunnar Björnstrand, Max von Sydow

Karin, bere senarra Martin, aita eta neba txikia uharte batean pasatzen ari dira oporrak. David, aita, idazle alarguna da; emaztea hil zitzaionetik bere ikasketaz arduratu egin da bere seme-alabeez baino areago. Betebeharrak amaitu dira Karinengan, desoreka mental bat atzean utzi eta sendategiko bere medikua izan zen Martinekin ezkondu zena. Oporretan zehar, Karinen desoreka bueltatuko da. Karinek bere neba txikiari soilik fidatzen dio egoera, ganbarako horma baten beste aldetik ahots batek etengabe deitzen diola azalduz.

Bergmanek izatearen hutsunearen amildegira begira jartzen gaitu drama aparta eta artegatzaile honekin, non aztertzen baititu bakoitzak zentzugabeko mundu grotesko baten putzuan jausi ez dadin behar dituen segurtasun espiritualak.

Titulua korintoarrei idatziriko San Pabloren gutun baten zati batekin erlazionatuta dago: “Orain dena ilun ikusten dugu, ispiluan bezala; gero aurrez aurre ikusiko dugu; orain erdizka ezagutzen dut; gero oso-osoan ezagutuko dut dena”.

Zuzendariak Fårö izeneko uharte suediarrean grabatutako lehen filma da hau, ingelesez besteko film oneneko Oscarren sariduna.

Ekainak 29 / Uztailak 2, 19:00

«Tystnaden»

1963. 96′. Ingrid Thulin, Gunnel Lindblom, Jörgen Lindström

Esther, bere ahizpa Anna eta iloba Johan, haien etxera doazela, trenez bidaiatzen ari dira gerran dagoen herrialde ilun eta arrotz batetik. Estherren gaixotasunak okerrera jotzen duenean, Timoka izeneko hirian geraldi bat egin behar dute. Fikziozko hiri honetan, giro zapaltzaile eta hizkuntza kanpotarrekoa, gerra-tankeen eta adarren bidez baino ez dira egoeraz jabetzen. Ahizpek gorroto sumingarriaren eta elkar menpekotasun patologikoaren arteko harremana dute, Johan txikia lekuko. Itzultzeko bidaia berriro hasteko orduaren zain daude hotel batean, Esther lan egiten saiatzen den bitartean. Anna, beste aldetik, larritasunetik ihes egiten lagunduko dioten sentsazioen bila irteten da.

Tystnaden Bergmanen filmik minimalisten artean dago, pertsonai, elkarrizketa eta toki gutxikoa eta kamera batez grabatua, zeinean gaixotasuna, gorrotoa, jelosia, aiherra edota heriotza inguru aritzen den. Bere eduki erotikoa dela eta, nahiko esplizitua garai hartarako, herrialde batzuk zentsuratua izan zen, Espainia barne, non ezin izan baitzen ikusi 70eko hamarkada arte.

Uztailak 6 / Uztailak 9, 19:00

«Persona»

1966. 96′. Liv Ullmann, Bibi Andersson, Margaretha Krook

Persona izaera ezberdineko bi emakumeen istorioa aurkezten digu, zoriak elkartuta. Elisabeth Vogler (Liv Ullman) izen handiko antzezlea da eta egun batetik bestera ahotsa galdu egiten du. Ospitaleratu ostean, medikuek bere isiltasunaren zergatia aurkitu ez eta kostaldeko herri batera bidaliko dute Alma erizainarekin batera (Bibi Anderson), bera zaintzeaz arduratuko dena. Horrela hasiko da bi emakumeen arteko harremana, geroz eta egoera konplexuago batera eramango dituena.

Bergmanek ospitalean egindako egonaldien batean idatzi zuen filma honen gidoia. Gogo-krisian eta egonezinez, bete-beteko deskonexioan ere, zuzendariak askatasun osoz landu ahal izan zuen grabatu nahi zuen filma. Emaitza, bilaketa etengabearen eta identitateen eraikitzearen problematikak markatutako zinta da. Bere lanik eztabaidagarrietako bat bezala katalogatua, filma honek giza-portaerei dagozkien gaietan, Bergman zinemagile jakintsuenetarikotzat hartzea eragin zuen.

Uztailak 13 / Uztailak 16, 19:00

«Vargtimmen»

1968. 88′. Max von Sydow, Liv Ullmann, Erland Josephson

Vargtimmen edo otsoaren ordua, protagonistak aipatzen duen bezala, jende gehien hil eta ume gehien jaiotzen diren ordua da; ametzak gaiztotzen direneko ordua.

Johan pintorea (Max von Sydow), eta bere emaztea Alma (Liv Ullman), haien arazoetatik ihesean, uharte lasai eta bakarti batera ailegatzen dira. Baina gaua heldu eta berehala, agerian geldituko dira harremanaren hausturak: Pintorea atsekabetuta bizi da iraganeko sekretuen ondorioz, emazteak ezkutuan aurkituko dituenak bere egunerokoa eta zirriborro-koadernoa miatzerakoan. Orduan elkarri aitortzen hasiko dira haien barne-barneko sekretuak, pertsonai ezberdinen agerpena eragingo duena, nor baino nor ezohikoagoak, benetan tarteen eremuraino eramango dituena, erreala eta irudimenezkoa ezberdintzea zaila den eremura. Izaki xelebreak dira, burgesak, Bergman “antropofago” deritze eta haien gaiztakeriak banpiroen pare jartzen ditu.

Vargtimmen-ekin, zinemagileak horrore psikologikoaren generoan maisutasunez murgiltzen da, sormen prozesu bat, berezko estetika eta beldurra aurkezteko modu guztiz ezberdin bat abiapuntu.

Uztailak 20 / Uztailak 23, 19:00

«Skammen»

1968. 99′. Liv Ullmann, Max von Sydow, Sigge Fürst

Jan (Max von Sydow) y Eva (Liv Ullmann) musikari bikote bat dira, euren herrialdea suntsitzen ari den gerra zibiletik ihes, uharte urrun batera aldatzen dena. Bertan salbu daudela uste dute, baina gatazka belikoak berehala helduko zaie ate joka.

Lizuna eta urratua, Skammen autokritika ariketa suposatzen du zuzendariarentzat, zeren artistek munduko arazo errealei aurre egiteko duten ezintasunean sakontzen duen. Bergmanen erantzuna izan zen zinemagile larregi metafisikotzat eta bere garaiko errealitate politikoarekiko arduragabetutzat hartzen zutenentzako.

UztailaK 27 / Uztailak 30, 19:00

«En passion»

1969. 100′. Max von Sydow, Liv Ullmann, Bibi Andersson

Emaztearengandik banandu ostean, Andreas Winkelman (Max von Sydow) Baltikoko uharte urruti batean bizi da bakardadean. Baina mundutik uzkurtzeak ez dio jende berria ezagutzea eragotziko: batetik, Elis (Erland Josephson) eta Eva (Bibi Anderson) apurtzeko zorian dagoen artista bikotea; bestetik Anna (Liv Ullmann), alargun gazte eta ezegonkorra, galeraren atsekabeak eta deskonexio emozionalak elkartuta. Bitartean krudelkeria egintzak jazoko dira uharteko komunitatean.

Maisu suediarraren drama gordin honetako pertsonaiek gaitz berbera pairatzen dute: bizitza. Hausnarketarako elkarrizketez beteta, Bergmanek atsekabe existentzialak sortzen duen larritasunean miatzen du berriro, eta borondatezko bakartzean aurkituko du honen ondorioak baretuko dituen irtenbide bakarra. Zinemagileak berak hartuko zuen irtenbide berdina, bere bizitzako azken urteetan Fårö uhartean bakarrik eta mundutik aldenduta bizitzea erabaki zuenean, zinta hau filmatu zen uhartean.

Abuztuak 3 / Abuztuak 6, 19:00

«Viskningar och rop»

1972. 91′. Harriet Andersson, Kari Sylwan, Ingrid Thulin

“Nire film guztiak zuri beltzean pentsatu daitezke, Viskningar och rop izan ezik. Lehenbiziko irudia beti zetorren bueltan: gela gorria eta zuriz jantzitako emakumeak. Lau emakume zuriz jantzita gela gorri batean. Mugitzen ziren, eta belarrira mintzatzen zioten elkar, erabat misteriotsuak… Gorria giza arimaren kolorea da.”

Karin (Ingrid Thulin) eta Maria (Liv Ullman) ahizpak, euren familia-etxe handi eta dotorera doaz hirugarren ahizpa Agnes (Harriet Andersson) zaintzera, larri gaixo dagoena minbiziak jota. Baina ahizpa bakoitzaren ezkontza arazoek eta jokaera berekoiek, gaixoarentzako presentzia lagungarri bakarra Anna (Kari Sylwan) neskame amatiar eta jainkozalearena izatea eragingo dute, arestian bere alaba txikiaren heriotza bizi duena.

Filma honen estreinaldiak arrakasta handia izan zuen gure herrialdeko ikusle eta kritikarien artean. Heriotza eta bakardadea, bizitzaren balioa eta beti zikiratzaile diren gizarteko arauen inguruko diatriba basatia, nekez ahazten diren filma horietako bat.

Abuztuak 10 / Abuztuak 13, 19:00

«Höstsonaten»

1978. 99′. Ingrid Bergman, Liv Ullmann, Lena Nyman

Evak (Liv Ullmann) zazpi urtetan ikusi ez duen bere ama Charlotte (Ingrid Bergman), piano jotzaile famatua, gonbidatzen du bera eta Viktor (Halvar Björk) bere senarrarrekin bizi diren landa-bikarioetxean egun batzuk pasatzera. Bertan ere, Charlotteren alaba gazteena bizi da, Helena (Lena Nyman), endekapenezko gaixotasun larria pairatzen duena. Hain denbora luze izan ostean, Charlotte bisitan joatea erabakitzen du, baina elkartze hau berehala bihurtuko da ama-alaba arteko liskar estua.

Ama-alaben harreman errausle bat abiapuntu hartuta, zuzendariak artistaren bakartze emozionala, pertsona batzuen maitatzeko ezintasuna, erremina, gaixotasuna edota heriotza bezalako gaietan sakontzen du. Bergmanek giza existentziaren alderdirik jasangaitz eta mingotsena osatzen duten elementuak xehatu egiten ditu, berriro ere, zinemagilearen heldutasuneko lan nagusietako bat den drama gordin eta etsigarri honetan.

Abuztuak 17 / Abuztuak 20, 19:00

«Fårö-dokument 1979»

1980. 103′. Richard Östman, Ulla Silfvergren, Annelie Nyström

1969an, Bergmanek Fårö irlatxoaren garrantziari buruzko dokumentu zuzen, politiko eta harrigarria egin zuen. Itsaso Baltikoan kokatuta, Fårö bere filma batzuen jokalekua izan da, eta hartara joaten zen maiz Bergman atsedenak hartzera eta bere hurrengo filmen gidoietan lan egitera.

Hamar urte geroago, bigarren aldiz gainbegiratu nahi izan zuen uharteren egoerari, izen bereko dokumental honetan. Ohiz kanpoko edertasuneko eszenak elkarrizketekin eta eguneroko lanen, ohituren eta erritualen eszena zehatzak gurutzatuz, Bergmanek bere uharteren erretratu konplexu, maitati eta gutxietsita bat lortzen du.

Abuztuak 31 / Irailak 3, 19:00

«Aus dem Leben der Marionetten»

1980. 104′. Robert Atzorn, Heinz Bennent, Martin Benrath

Peter eta Katarina Egerman izeneko bikote ezkonduta eta diruduna dira, eta gainetik ondo moldatzen dira: Peter negozio gizona da; Katarina, moda dendako zuzendaria. Baina elkarrekin bizitzearen hondoan, inkomunikazioa dago: badira urte pare bat Peterek bere emaztea hiltzearekin amets egiten duela.

Bere lehen agerpenean, Peterek krimen izugarri bat egin eta gero, gainerako filma dokumentala izango balitz kontaturiko polizia-ikerketa bilakatzen da. Filmak hiltzailearen deskribapen kezkagarria eraikitzen doa: gizon zapuztua, bere erlazioaren huts egiteaz batez ere, indarkerian irteera bakarra ikusten duena.

Zuzendariak, bere azkenetariko filma honetan, giro zapaltzaile eta likits baten bidez garatzen du bere ohiko obsesioak. Bergman izatearen alderik ilunenean ardazten da filma honetan, bere lanik nagusienetariko bat.

Irailak 7 / Irailak 10, 17:00

«Fanny och Alexander»

1982. 197′. Bertil Guve, Pernilla Allwin, Gunn Wållgren

Fanny och Alexander familia istorioa da. 1907ko Suedian kokatuta, filmak Ekdahl izeneko familia burges baten pozak eta estualdiak partekatzen ditu gurekin, Fanny eta Alexander umeen begiraden bitartez.

Bergmanen begiak dira begi hauek, zeinekin zuzendariak bere haurtzaroko mundu galduta berreskuratzen baitu, “argiz, usainez, soinuz” beteta. Bergmanek zinematik erretiroa hartuko zuela aitortu egin zuen filma hau amaitzean, bere filmografia betetzen duten gai eta arduren bilduma gisa hartu daitekeena. Eskertzekoa da, hala ere, esandakoa bete ez izana.