2022ko urriaren 25ean eta 26an, BilboArtek  bertako eta nazioarteko artistekin topaketak hartuko ditu, «ART+ Arte, zientzia eta teknologia koadernoak» programaren barruan. Programa osoa hiru egoitzatan banatzen da: BilbaoArte Fundazioa, UPV/EHU eta Gheada Estudioa.

Artistei, diseinatzaileei, ikasleei edo artearen, teknologiaren eta zientziaren inguruko egungo praktika artistikoak ezagutzeko interesa duen edonori zuzendutako programa da ART+.

Hiru saio eta bi tailerretan zehar, zazpi artistek eta talde artistikok beren lana eta, batez ere, metodologia aurkeztuko dute hitzaldi informaletan eta tailer esperimentaletan. Helburua da inguruneko profesionalekin harremanak eta inspirazioa trukatzea.

BilbaoArten lehenengo bi hitzaldi-saioak egingo dira. Sarrera doakoa izango da izena eman ondoren info@gheada.com helbidera izena eta NANa bidalita, eta parte hartu izanaren egiaztagiria jasoko dute bertaratzen direnek.

Urriak 25, 17:30 – 20:30

I. Saioa: Arte Digitala

Lekua: BilbaoArte

Alba G. Corral

Alba G. Corral (b. 1977 – Madril) Catalunyan bizi da (La Ràpita), eta ikusmen-artista, kode-garatzailea eta irakaslea da. Corral Ingeniaritza Informatikoan prestatu zen, eta, azken hamarkadan, artea sortzen ibili da softwarearen bidez. Zuzenekoaren, bideoaren, baliabide digitalen eta instalazioaren bitartez garatzen du bere jarduera. Zenbait jarduera artistikoren bidez, narrazio abstraktuak arakatzen ditu.

Bere izena ezagun egin da zuzenean egiten dituen ikus-entzunezko ekitaldiei esker. Bertan, kodeketa eta lanketa bateratzen ditu unean bertan, musikarien laguntzaz.

Web

Anna Carreras

Anna Carreras (Bartzelona, 1979) kodetzaile sortzailea eta artista digitala da, eta komunikazio elkarreragilearen arloko saiakuntzan dihardu. Horretarako, bere lanetan, algoritmo sortzaileak, kode sortzailea eta teknologia elkarreragilea darabiltza komunikazio-bide moduan eta esperientzien sortzaile moduan.

Jokabide txiki bakunetatik, ordenaren zein anabasaren arteko orekatik sortutako konplexutasunaren inguruko interesa du. Algoritmo sortzaile eta ikusizkoen bidez lan egiten du, konplexutasunaren aberastasuna eta dibertsitatea irudikatzeko.

Instalazio elkarreragileak garatzen ditu, garapen-bidean dauden narrazio berriak arakatzeko. Horretarako, parte hartzeko eskatzen die ikus-entzuleei, eta haien lankidetza sustatzen du. Elkarreraginak esperientziari giza portaera anitza eransten dionez, emaitza aberatsagoak bultzatzen dira.

Web

Urriak 26, 17:30 – 20:30

II. Saioa: Textil Elektronikoa eta Wearableak

Lekua: BilbaoArte

María Castellanos y Alberto Valverde

María Castellanos eta Alberto Valverde (uh513), 2009an hasi ziren bikote artistiko moduan lan egiten. María Castellanos artista da, eta Arte Ederretan doktoratu zen Vigoko Unibertsitatean. Gaur egun, doktoratu osteko ikertzailea da Oslo Metropolitan Universityn, FeLT proiektuaren –Futures of Living Technologies– esparruan. Alberto Valverde artista eta teknologoa da, eta esperientzia zabala du sistemen diseinuan, ingurune elkarreragileen sorreran, multimedian eta robotikan.

Haien jarduera artistiko bateratuak gizakien, gizakiak ez direnen eta makinen arteko harremanak lantzen ditu. Azken urteotan, honako hauexek izan dira haien ikergai nagusiak: giza zentzumenen mugen azterketa eta espezieen arteko komunikaziorako sistema konplexuen sorrera, gizakien eta landareen arteko ulerkuntza suspertzeko.

Web

EJTech Studio

EJTECH [ˈeɪtɛk’] Judit Eszter Kárpátik eta Esteban de la Torrek osatzen dute, eta diziplinarteko artisten bikotea da. Interfaze hiperfisikoak, materia programagarria eta ehun areagotuak darabiltzate bitarteko moduan, subjektuaren zein objektuaren arteko zentzumenezko zein kontzeptuzko harremanak ikertzeko. Horrela, garapen-bidean dauden egituren sareak eta kausalitate immanentea aurkitzen dituzte berriro metamaterialismo errealistaren barruan. Eraketa-bloke material moduan, soinua, espazioa eta denbora funtsezko elementuak dira haien jardueran, eta teknologiaren nahiz giza gorputzaren arteko patroiak garatzeko prozesua dute aztergai. Materialak ikertzen dituzte, eta, horren ondorioz, performazio-instalazioak, kanal anitzeko eskultura sonikoak eta gainazal dinamikoak sortzen  dituzte. Era berean, Materialismo Berriaren, Teoria Holonikoaren eta Somaestetikaren filosofiaren eraginpean daude. Hori guztiori dela eta, EJTECHek liminaltasuna, hirugarren espazioa eta orainaren egoera iheskorra arakatzeko moduko tresnak eskaintzea dauka xede.

Web

Urriak 27, 15:30 – 18:30

III. Saioa: In the Lab

Lekua: UPV/EHU

Rotor Studio

Ángeles Angulok eta Román Torrek Rotor Studio osatzen dute. Zenbait arlotan duten esperientzia (arte eszenikoak, plastikoak edo artea) eta osagai teknologiko handia uztartzen dituztenez, sortzen dituzten proposamen artistikoek gure teknologiaren / zientziaren / gizartearen zenbait faktore garaikideri buruz hausnartzea eta hori guztia agerian jartzea dute xede.

Haien lanak artisautza digitalaren, diseinu industrialaren eta ikus-entzunezko esperientziaren arteko erdibidean dauden gailu fisikoak sortzea du helburu. Tekniken hibridazio horren ondorioz, betiko lekuetatik abiatzen diren zenbait eratako formatuak sortzen dituzte.

Hona hemen Rotor Studion garatutako proiektuak egituratzen dituzten funtsezko zenbait hitz: #arkitektura #zientzia #artea #natura #larrialdi_klimatikoa #geometriak #pribatutasun_digitala #zientzia_fikzioa.

Web

Hamill Industries

Hamill Anna Díazek eta Pablo Barquínek osatzen dute. Binomio sortzaile hau aditua da garapen-bidean dauden eta tradizionalak diren tekniken nahasketan eta saiakuntzan oinarritutako berrikuntza-proiektuen garapenean, eta ikusizko komunikaziorako formatu berriak sortzea dute helburu. Ikerketa artistiko eta teknologikoa egiten dute ikusizko arteen, zuzeneko ekitaldien eta argiaren zein soinuaren araketaren arloan.

Proiektu bakoitzerako, euren tresnak zein asmakizunak garatzen dituzte, eta, horretarako, efektu digitalak zein analogikoak bateratzen dituzte erabat ustekabeak diren moduetan. Ingeniaritza Fisikoa, argien diseinua, mugimenduan dagoen irudia eta ikusizko programazioa nahasten dituzte, euren irudiak pantailatik askoz haratago hedatzeko eta esperientzia ukigarriagoetara irekitzeko.

Web

I. Tailerra: SKINTERFACE – EJTech Studio

Lekua: Estudio Gheada

Skinterface tailerrak musikako elkarreraginerako sentsore leunak sortzea dauka helburu. Parte-hartzaileei ehun elektronikoen oinarrizko kontzeptuen hastapenak azalduko zaizkie hardwarearen nahiz softwarearen ikuspegitik.

3 zatiko tailer praktiko honetan, zerotik eraikiko ditugu sentsore bigunak, eta geure programa idatzira konektatuko ditugu, ehun areagotua bera gizakien zein ordenagailuen arteko elkarreraginerako ukipen-kontroleko gainazal moduan arakatzeko. Sarrera-mailako tailerra denez, ez da beharrezkoa izango programazioari edo elektronikari buruzko aurretiazko jakintzarik edukitzea.

Parte-hartzaileek euren ordenagailu eramangarria ekarri beharko dute, Max8 eduki beharko du instalatuta (https://cycling74.com/downloads – nahikoa da proba-bertsioa izatea) eta entzungailuak ere ekarri beharko dituzte.

Datak: urriak 25, 26 eta  27

Ordutegia: 10:00 – 14:00

Lekua: Estudio Gheada. C/Cortes, 29-30. 4ºF. Bilbo

Prezioa: 30 € materialengatik, tailerraren ondoren parte-hartzaileek eramango dituztenak

Informazioa eta izen-emateak: info@gheada.com

II. Tailerra: IN THE LAB – ESTUDIO GHEADA

Lekua: Estudio Gheada

In the Lab saiakuntzazko tailerra da, eta prozesu fisiko edota kimiko bakunen ahalmen artistikoa arakatzea dauka helburu. Egunerokoak diren edo eskuragarri dauden materialen, substantzien eta objektuen bidez, forma, kolore eta egitura interesgarriak sorrarazten dituzten materialen zenbait egoera, prozesu eta elkarreragin erabiliko ditugu saiakuntzak egiteko.

Parte-hartzaileek laneko arropa erosoa ekarri beharko dute.

Datak: azaroak 22, 23 eta 24

Ordutegia: 10:00 – 14:00

Lekua: Estudio Gheada. C/Cortes, 29-30. 4ºF. Bilbo

Prezioa: 30€ materialengatik

Informazioa eta izen-emateak: info@gheada.com

Gheada estudio artistikoa da, eta ikus-entzunezko instalazioetan zein murgiltze-esperientzietan dago espezializatuta. Aurkako binomioak arakatzen dituzte; esate baterako, gizabanakoa-gizartea, natura-teknologia, analogikoa-digitala. Horretarako, giza jokabideak dituzte aztergai, eta nortasun-kode bateratuak nahiz banakakoak ezartzen dituzte. Haien lana ikus-entzunezkoa baino ez zen irudian hasi bazen ere, urteen joan-etorrian ikus-entzunezko instalazio elkarreragileen edota murgiltze-instalazioen ekoizpenerantz bilakatu dira. Bertan, ikus-entzuleak daudenez, eragina du obran eta, horren ondorioz, bertatik jasotzen duten esperientzian ere bai. Era berean, talde honek arte eszenikoetan ere lan egiten du, eta, bertan, ikus-entzunezko, arlo analogikoko eta arlo digitaleko zenbait tresna darabiltza narrazioak zuzenean sortzean saiakuntzak egiteko asmoz.

Web