2022ko irailaren 22an, goizean, administrazio publikoko, akademiako, enpresako eta gizarte zibileko ordezkarien arteko topaketa izango da BilbaoArten, Eskubide kulturalak eta linguistikoak tokikotik: aukerak eta erronkak Euskadi 2030titulupean, UNESCO Etxearekin lankidetzari esker.

Helburua erronka globalei aurre egiteko eta berehalako eta etorkizuneko lehentasunak zehazteko gure politika kulturalei buruz hausnartzea izango da.

Irailaren 2tik aurrera eskuragarri egongo dira behin betiko agenda eta bertaratzeko izen-emate formularioa.

Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da UNESCO Etxearen Youtubeko kanalaren bidez.

UNESCO prozesu inklusibo bat gidatzen ari da, kultura-politiketan parte hartzen duten eragile eta bazkide ugari mobilizatzeko. Horretarako, UNESCO Etxeak, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzarekin lankidetzan eta BilbaoArteren laguntzarekin, ekitaldia antolatu du. Andoni Iturbe Amorebieta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak irekiko du ekitaldia, eta Agenda 2030 eta eskubide kulturalak bezalako kultura-politiketan egindako aurrerapenak azalduko ditu.

Ondoren, unibertsitateko ahotsak izango ditugu, Estibaliz Aberasturi-Apraiz Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titular eta Artikertuz proiektuko ikertzaile nagusia eta Inés M. García Azkoaga, Euskal Filologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailea. Aniztasuna eta eskubide kulturalak jorratuko dira Tamara Clavería Jiménez Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko arduradunaren eta Javier Riaño artista eta BilbaoArteko zuzendariaren esperientzien bidez. Leire Fernández, Clandestina arropa markaren sortzailea eta zuzendari exekutiboa eta Elena Amezaga, Antzasti Museoaren sortzaile eta kudeatzailearen eskutik hurbilduko gara kultur ekintzailetzara.

MONDIACULT 2022, 2022ko irailaren 28tik 30era Mexikon egingo dena, UNESCOk deituko du, 1982an Mexiko Hirian egin zen Kultura Politikei buruzko lehen Mundu Konferentziaren eta 1998an Stockholmen (Suedia) egindako Garapenerako Kultura Politikei buruzko UNESCOren Mundu Konferentziaren ondoren.

Konferentziak bidea erraztuko du kultura munduko ondasun publiko gisa integratzeko 2030etik aurrerako Agendan, garapen inklusibo eta jasangarri baterako.