VIII. Ikerketarekin Topaketak jardueraren lehenengo eguna ekainaren 25ean ospatuko da Izaskun Aralucea, Andere Molinuevo e Iñaki Peña ikerlari eta artistekin. 15 minutuko hiru mintzaldiz osatuta egongo da topaketa, guztiak euskaraz, eta 19:00etan hasiko da Kristalezko Patioan.

Doako sarrera aretoa bete arte. Topaketaren ostean galdetzera eta parte-hartzera gonbidatzen zaie gerturatzen direnei.

VIII. Encuentros con la investigación / VIII. Ikerketarekin topaketak

Lehenengo saioa (Ekainak 25, 19:00)

Igandetako irudiak

Izaskun Aralucea

Jarduera praktikoa oinarri duen lan bat da, baina ez du hau azaltzea edo deskribatzea helburu, lan praktikoak eta testuak denbora konpartitzen dute, aldiberekotasuna, eta noizean behin topatu egiten dira, batek bestea laguntzen du. Ez du ordena kronologiko bat jarraitzen, izan ere, masterra egin bitartean bildutako materialarekin egindako “collage” bat dela ezan genezake. Hau da, material ezberdina bata bestearen ondoan ipini eta horri sentsua ematea du helburu.

Hori dela eta, pasarte askoren artean saltoak gertatu dira. Eta galdera asko dauden harren, hauei ez zaie erantzunik ematen beti.

Egunerokotasunean eta lan praktikoan oinarritutako pasarteak tartekatzen direnez gero, batzuetan kontakizun itsura hartuko du. Baliagarri izan zaizkidan eta batez ere gustuko ditudan gauzak aukeratu, bildu eta jarri ditut lan honetan, eta hau modu koherenteenean egiten ahalegindu naiz.

Prozesuaz beraz idazteko modu bat aurkitzen ahalegindu naiz. Batez ere idazkerari garrantzia emanez. Hau da, lanaren formari.

 

Tetuán era de color verde bali

Andere Molinuevo Martín

Berde baliarekin, horrela saiatu ziren batzuk artisten bidez auzora sartze, baina ateak botatzera ausartzen ez ziren artistak eraman zituzten bertara. Batzuk ez omen zekiten sortu nahi zutena jada sortua zegoela edo ez zegoela haien esku sortze hori. Batzuk ez zekiten haien interbentzioak zekarrenaz. Beste batzuk oso kontziente ziren horretaz. Eta badoa, manifestazioren bat, mina, frankizia, kinoa, murala eta alkilerren igoeraren medio gentrifikazioa gauzatzen Madrileko auzoetan.

Sinboloak sortzeko gaitasuna daukagu, baina nori eskaintzen dizkiogu?

 

 

METAjendARTEA: konplexu hegemonikoaz eta sorkuntza artistikoaz Jorge Oteiza eta Joseph Beuys bidelagun

Iñaki Peña

XX. mendetik XXI. menderako bidean, jendetzaren bizitzak hobetu eta osoagoak izateko aurrerapen tekniko eta zientifiko nabarmenak eman dira. Ondorioz gertatutako paradigma aldaketa pentsalari eta zientzialarien eztabaida gai garrantzitsu bilakatu da. Hala, bizi dugun krisi integralak konplexu hegemoniko kapitalistaren eraginkortasun eza eta honen berebiziko gaiztotasuna agerian utzi dituen honetan, bizitza bera gauza politikoaren erdigunean kokatu eta artearen aukerez hausnartzea da hemen zio nagusia.

Asmoari eutsiz, praktika artistikoak jendarte historiko desberdinek osatutako konplexu hegemonikoaren dinamikei lotuta ageri zaizkigula azpimarratu beharra dago. Eta bestetik, egun, artearena, metodo zientifiko bilakatu dela esaterik dago. Are gehiago, arteak jakintza eremu guztiak zeharkatu eta memento hegemonikoa azpiratzeko gaitasuna azaltzen duela esan dezakegu. Haritik, artearen autonomia osoa baztertu, honen jainkozko izaera edo pertsona bakar batzuen gaitasun gisa baztertu eta jendetzaren ongizaterako giza baliabide goren eta unibertsal bezala ageri zaigu.

Bada, Jorge Oteizak eta Joseph Beuysek arteak laborategitik eta museotik bizitzarako eman beharreko jauzia aldarrikatzen zuten. Izan ere, pertsona guztiak artistak garela defendatzeaz gain, norbanako zein jende talde desberdinen irudikapen eta ekintza oro jakintza eta errealitate sorkuntza direla erakusten saiatu ziren. Hauek aurrekari, eremu zibil eta politikoa desberdinduz eta, betiere, jendea hausnarketaren funts ezarriz, jendetzaren bizitzen instituzionalizazio modu berriak asmatzeko aukeretan sakontzea luke artistak gaur egitekoa. Finean, bizitzaren konplexutasunari eutsi eta hau bere osotasunean antolatzeko litezkeen aukera zinez demokratikoak ikertu eta sortzea litzateke XXI. mendeko artista eta zientzialarien goi zio.