2022ko apirilaren 29tik maiatzaren 27ra, Arizko Dorretxeak (Basauri) Urtzi Ibarguen artistaren Bihar, etzi, atzo da erakusketa izango du ikusgai, BilbaoArteko ekoizpenerako laguntzen programakoa.

Urtzi Ibarguenen (Errenteria, 1978) kasuan alderdi transzendentala birtualitate bihurtu da. Birtualtasuna Urtziren produkzioan “zabaltzen den espazioa” da, Heideggerren estilorik garbienean, eremu erlazionala, dinamikoa eta prozesala izateko sortu zen neurrian. Eta transzendentala lurraren itzulera batean agertuko litzateke, sentikortasunaren eta formaltasunaren balioa bertan nabarmentzen baita.

Espazio birtualetik lurreko espaziora doan deriba horrek forma kultural eta komunitario bat agertzeko balio du; aldaketa garrantzitsu bat jaso duena, balizko zerbait bihurtu dena; hau da, berregiteko edo, beharbada, berrasmatzeko aukera duena. Alderdi telurikora itzultzeko desira bat dago, euskal arimara —Oteizak esango lukeenez—, esentziara, cromlecharen hutsera, hizkuntzara, iraganera…eta orainaldi batean gorpuzten da, dagoeneko igaro dena baina berriro ere atzo izateko irrikaz dagoena, atzo eta bihar beti. Obra osoan etorkizunerako bultzada etengabe bat dago, haren eraketari ez ahazteko gogoa antzematen bazaio ere.  

Identitateari buruzko gogoeta, erabili beharreko erretorika (hizkuntza), nostalgia pieza eratzeko faktore gisa, denbora (berrikus daitekeen iragana eta etorkizun izan daitekeen denbora), izatearen kontzientzia, guztiak hauek kontuan hartzeko gaiak dira gure aurrean dugun produkzio plastikoari ekiteko orduan.