Bilbao Ekintza, EPEL erakunde publikoaren bidez eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta BilbaoArte Fundazioaren laguntzaz, Bilboko Udalak ARTESHOP BILBAO programaren zortzigarren edizioa antolatu du.
ARTESHOP BILBAO programak merkataritza eta arte jardueren arteko sinergia aprobetxatzen du, saltegietan gaitasun sortzailea sustatuta, arte adierazpenerako ohiz kanpoko espazioa sortuta eta erosteko esperientzia aberastuta. Helburu horri helduta, udalerriko merkataritza-establezimenduek ikusgai jarriko dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko ikasleek berariaz egindako artelanak.
Arte Ederren Fakultateko ikasleek BilbaoArte Fundazioko artisten tutorizazioa daukate, eta, horren bidez, esku-hartzeak gauzatzen lagunduko diete eta horien martxa ona ikuskatuko dute. Halaber, artista-tutore horiek beren esku-hartze artistikoak egiten dituzte hautatutako eremuetan (Erriberako merkatuan, Plaza Biribilean dagoen Turismo Bulego berrian, eta abar).
Saltegien eta Arte Ederren ikasleen arteko lankidetzaren emaitza aintzatesteko, hiru proiektu onenak saritzeko lehiaketa egingo da. Artearen eta merkataritzaren profesionalez osatutako taldeak egindako lanak ebaluatu eta hamar finalistak hautatuko ditu. Amaitzeko, ospe handiko epaimahaiak proiektu irabazleak erabakiko ditu.
Bestalde, herritarren parte-hartzearen laguntzaz, Publikoaren Saria ere emango da.