Bizkaia – Irakeko Kurdistan 2018 egoitza programarako deialdia ireki dute BilbaoArte Fundazioa eta Moving Artists International-ek. Egoitza hau 2018ko azaroaren 20tik abenduaren 20ra garatuko da.
Egoitzaren plazetako bat BilbaoArten egoiliarrak diren edo izan diren artistentzat gordeko denez 2017ra arte BilbaoArten bekatuak izan diren artistak parte-hartzera gonbidatzen ditu Fundazioak.

Arte-esperientzia, ekoizpena eta ikerketa sortzea da deialdi honen xedea. Bizkaiko foru lurraldean bizi edo jaio diren egileentzat irekitako programa da, eta 2 hilabeteko iraupena izango du gehienez. Egonaldiak lanerako gunea, ostatua eta zuzkidura ekonomikoa hartzen ditu.
Moving Artist (MA) irabazi asmorik gabeko erakunde independentea da, Bilbon egoitza duena. Giza eskubideen eta arteen elkargunean egiten du lan, eta, hartara, edozein arrazoigatik elkarren artean harreman mugatua duten herrialdeen arteko mugikortasuna eta kultur trukea bultzatzen ditu. Bereziki, gatazkaren, krisiaren, ezegonkortasunaren edo zentsuraren ondorioz, mehatxupean aritzen diren artearen esparruko profesionalei nazioaz gaindiko trukea eta joan-etorria ahalbidetzea bilatzen du MAk. Sarritan, gerra-gatazka luzeek eta krisi humanitarioek mugak ixtea eta kultura-alorrean bakartzea eragiten dute. Ondorioz, kulturaren ekoizpena kaltetutako eskualdeetara mugatuta gelditzen da eta kanpoko kultur pertzepzioak desitxuratu egiten dira. Gatazkan dauden herrialdeek jasaten duten kultur bakartzeak gure gizartea eta gure artistak ere bakartzen ditu, gure garaikidetasuna ulertzeko funtsezkoa den munduko zati batera iristea galarazten zaien heinean.
Mehatxupean dauden artisten eta kanpoko artista-taldeen arteko joan-etorriak eta elkarrekintza jorratzeko bideak irekiz, MAk arte-ekoizpenerako eremu berri eta zirraragarriak, ahaldundutako esperimentazio-, lankidetza- eta esanahi-espazioak, bilatzen ditu.
Moving Artists elkartean uste dugu gatazka-eremuetan egiten den artegintza garaikidea, bere horretan, babestu beharreko ondarea dela. Mendebaldeko «arte-kalitatearen» irizpideez harago, egon badauden garaikidetasun ugariak defendatzen ditugu. Gatazka-egoeran, gatazken ostean edo bakartze-egoeran, beste modu batean barneratzen dira lekuaren, gorputzaren, komunitatearen, zatiaren… kontzeptuak, pertzepzioa bera eta baita materialen dimentsio formala ere. Zentzu horretan, gure asmoa ez da irakastea, ikastea, ekarpenak egitea… eta bai bakartze hori hautsi eta mintzakidetza edo elkarlan posible bat bilatzea.

Hautatutako artistak Suleimaniya hiriaren bihotzean, Irakeko Kurdistanen kultur hiriburuan, bizi izango dira. Ostatua birgaitutako etxe tradizionala da, Shorsh kaleko 23.ean, hiriko kale nagusiaren (Salim kalearen) eta bazarraren alboan.
Lan-estudioa Amna Suraka espetxean dago. Leku berezi-berezia da baina, batez ere, hiriarentzat (eta herri kurdu osoarentzat) esanahi historiko handia duen lekua. «Espetxe gorria» (1986-1991) Mukhabaraten —Sadam Husseinen erregimeneko inteligentzia-agentzia sekretuaren— egoitza izan zen; jendea torturatu eta espetxeratzeko gunea.
2005ean Hagako epaitegiak genozidiotzat aitortu zuen Al-Anfal kanpainan 50.000-182.000 kurdu erail zituzten, herri kurdua deuseztatzeko asmoz. Gaur egun, Gerra-krimenen eta Estatu Islamikoaren aurkako borrokan eroritakoen Museo Nazionala da.