PROIEKTU ARTISTIKOAK GAUZATZEKO BEKEN DEIALDIA

BILBAO BIZKAIA KUTXA FUNDAZIOAK –BBK-, kultura sustatzeko eta gazte sortzaileei laguntzeko ekintzak bultzatzeko xedez, FUNDACIÓN BILBAO ARTE FUNDAZIOArekin kolaboratzen du proiektu artistikoak gauzatzeko beken deialdi honen edizioan.

Deialdiaren helburua da bekak ematea zenbait proiektu artistiko garatzeko eta gauzatzeko; proiektuen aukeraketa horretarako izendatutako epaimahai batek egingo du. Epaimahaiaren osaketa Bilbao Arte Fundazioaren webgunean jakinaraziko da, hartu beharreko erabakia hartu baino lehen.

Horrenbestez, Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak epaimahai horrek aurretik onartutako gastuak babestuko ditu, hots, proiektu horiek lortzeari begira zehaztutako behar materialei aurre egiteko onartutako gastuak.

Deialdi honen helburua da edozein alor artistikotako proposamenen sorrera eta garapena bultzatzea. Proiektu horiek banakakoak edo taldekakoak izan daitezke, eta haien konpromisoa da 2012an gauzatzea.

Beka jasotzen duten proiektuen iraupenari begira, bi denbora modalitate aurreikusten dira:

A.   sei hilabeteko iraupena: urtarrila-ekaina eta uztaila-abendua tarteen artean aukeratzeko.

B.    hamabi hilabeteko iraupena: 2012ko urtarriletik aurrera.

BEKA MOTAK:

A. LAGAPEN-ESPAZIOETARAKO BEKAK

Beka hauek aurreikusten dute laguntza ekonomiko bat ematea eta Espazio bat Aldi Baterako lagatzea Bilbao Arte Fundazioan, estudio baten erabilera modu justifikatuan behar duten proiektuentzat. Aldi baterako lagatzen diren espazio horiek erabiltzeko aukeratzen diren artistek Zentroaren azpiegiturak izango dituzte beren esku, obra ekoizteko tailerretan. Lagapen-espazio bat esleituz gero, horrek esan nahi du espazio hori modu iraunkorrean erabili behar dela, onartutako sasoian, proiektua gauzatzeko.

Espazioa ez bada erabiltzen eta/edo aprobetxatzen agindu zaion erabilerarako, horrek esan nahi du uko egiten zaiola beraren erabilerari. Ezeztapen horrek esan nahi du, halaber, uko egiten zaiela Bilbao Bizkaia Kutxak emandako materialei, eta, halaber, espazioa erabili den bitartean materialak erosteko jaso diren zenbatekoak itzuli behar direla.

Modalitate honetan, gehienez hamar beka eskaintzen dira; urtebeteko iraupena duten proiektuen kasuan, gehieneko zenbatekoa 4.500 euro dira beka bakoitzarentzat, eta sei hileko proiektuen kasuan 2.500 euro.

B. TAILER-BEKAK

Modalitate honek aurreikusten dituen proiektuek Bilbao Arte Fundazioaren Tailerrak aldi baterako erabiltzea eskatzen dute: grabatua eta serigrafia, teknologia berriak, eskultura, argazkigintza eta filmatze-platoa.

Tailer-bekak erabiltzeko aukeratzen diren artistek beren esku izango dituzte obrak ekoizteko tailerretan Zentroak dituen azpiegiturak, eta, beharrezkoa denean, Tailerretako maisuen aholkularitza eta koordinazioa ere bai.

Tailerra erabiltzeko beka horiek asignatzen zaizkien artistek Fundazioaren instalazioetan lan egin beharko dute normalean, eta modu aktiboan parte hartu beharko dute Bilbao Artetik bultza litezkeen proiektu kolektiboetan.

Modalitate honetan, gehienez hamar beka eskaintzen dira; urtebeteko iraupena duten proiektuen kasuan, gehieneko zenbatekoa 4.500 euro dira beka bakoitzarentzat, eta sei hileko proiektuen kasuan 2.500 euro.

Edozein modalitatetan, interesatuek aurkeztu beharko dute proiektua egiteko beharrezkotzat jotzen dituzten gastuen gutxi gorabeherako estimazioa. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira bidaiak, dietak eta ekipamenduaren erosketa.

Bi modalitateen epaimahaia –Lagapen-espaziorako Bekak eta Tailer-bekak- sorkuntza, prestakuntza, kritika eta kudeaketa artistikoaren alorrean ospe aitortua duten hiru profesionalez osatuta egongo da.

C.    LANKIDETZA-BEKAK

Modalitate honetako bekak lortzen dituzten artistek konpromiso hau hartzen dute: laguntzaile bezala kolaboratzea Ekoizpen Artistikoko Tailerretan, Tailer bakoitzeko Maisuaren tutoretza eta zuzendaritzapean, egunean 4 orduz eta astean gehienez 20 orduz

Modalitate honetan, aldi berean, artistaren proiektu artistiko propioen garapena aurreikusten da, lankidetza-aldiak dirauen bitartean. Interesatuek adierazi behar dute, beren curriculum-ibilbideaz gain, zein espezialitate interesatzen zaien: Teknologia berriak, Eskultura, Grabatua eta Komisariatua eta Komunikazioa.

Modalitate honetan, deialdiak gehienez lau beka eskaintzen ditu, bakoitza 5.500 eurokoa, eta haien iraupen bakarra hamaika hilabetekoa da, 2010ko otsailaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa. Beka horren ordainketari dagokionez, 500 euro jasoko ditu hilean bekadunak.

Tailerrera ez etortzeak edo oinarriak ez betetzeak indarrik gabe uzten du beka automatikoki.

D.    EGOITZA-BEKA

Adierazitako hiru modalitate horietako edozeinetan eskatzaileek eskatu duten beka zeinahi delarik ere, Fundación Bilbao Arte Fundazioak ostatu-egoitza beka bat eskatzeko aukera ezartzen du; horren bidez, proiektua egiten den bitartean, Bilbao Arteko artistek etxebizitza bat konpartitu ahal izango dute usufruktuan.

Horri dagokionez, laguntza hori eskatzen bada, eskari horren arrazoiak eta beharrak azaldu beharko dira beken eskariari atxikitako eranskin batean.

Lankidetza-beken eta Egoitza-beken epaimahaia Bilbao Arte Fundazioaren zuzendaritza-taldeko kideek osatuko dute.

 

 

EDOZEIN MODALITATETAN AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA:

1.  Egin beharreko proiektuaren dossierra; Lagapen-espazioaren beken eta Tailer-beken kasuan, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren material kontsumigarrientzat aurreikusten diren gastuak zehaztu eta desglosatu behar dira.

Lankidetza-beken kasuan, berriz, nahikoa da proiektuaren izaera eta beraren ezaugarriak aipatzea.

 

2. Curriculum vitaea (taldeen kasuan, gomendagarria da kide bakoitzaren curriculum indibidualak ere aurkeztea).

3. Egokitzat jotzen diren eta proiektua ulertzea errazten duten dokumentazio grafiko osagarriak, katalogoak, zirriborroak eta irudiak.

Dokumentazio guztia mekanografiatuta aurkeztu behar da 1. eta 2. puntuetan, kopia bakarrean, Din-A4 formatuan, eta CD batean, pdf formatuan. Gehieneko luzera 6 folio dira.

3. puntuko dokumentazioa ez da pdf formatuan bidali behar.

 

ESKARIEN AURKEZPENA:

Modalitate guztietako eskariak oinarri hauek argitaratzen diren egunetik aurrera bidali behar dira, eta 2011ko azaroaren 15a baino lehen.

Postaz bidaltzen diren eskarietan, posta-markaren data izango da eskariak epearen barruan aurkeztu direla frogatuko duena.

FUNDACIÓN BILBAO ARTE FUNDAZIOA

URAZURRUTIA k, 32 48003 BILBO