Paisaje Masip, Pedro Villora.

Descargar catálogo “Ángel Masip Works 2009/2011” en formato PDF.

 

Masipek paisaiak margotzen ditu. Hain laburra egiten zaigun esaldi horretan –sortzaile horri buruz ari garela, hainbestetan erabili ohi dena–, badira, gutxienez, akats bi, faltsukeriaren punturaino iritsi daitezkeenak. Masipek ez du margotzen –ez hori bakarrik behintzat–, eta ez dira paisaiak berak egiten dituenak, nahiz eta askotan hala diruditen. Hortaz, zuzenago arituko ginateke, iragana erabili, eta Masipek paisaiak margotu dituela esango bagenu; hala egin du noiz edo noiz, baina bere lana horretara mugatzea, artista modura izan duen bilakaera ez ulertzea da. Izan ere, halakoa izan baita izan duen bilakaera bai teknika bai erreferentziak zabaldu dituenean, baita bere ikuspuntua aldatu duenean ere, hori guztia bere espresio-munduari muzin egiteko beharrik gabe. Angel Masipek aspaldiko kezkak erabiltzen ditu gogoan, baina konformatu ez, eta ez ditu galderak bi aldiz errepikatuko, are gutxiago erantzunak.

 

«Paisaiak, paisaiak margotzen ditu»; hori da Rafael Doctorri bere laguna eta Masipen laguna ere zen adiskide batek eman ohi zion erantzuna, hark egiten zuen lanari buruz galdetzen ziotenean. Eta egiatzat jo zitekeen lasai asko 2006. urtera arte, baina Doctorrek argi zehaztu zuen baldintza hori, Thomas & Wiebke erakusketaren katalogorako prestatu zuen testuan: «bai, paisaiak ziren, are gehiago, paisaiak baino ez ziren, eta paisaia hutsak. Batzuk hor nonbaitekoak ziren, eta beste batzuk, berriz, kontrako beste nonbaitekoak, berdeak eta hostotsuak. Paisaien laborategi moduko bat zen hura. Handik sakabanatuta zeuzkan argazkietan, asko eta asko berak egindako argazkietatik ateratakoak zirela ikusi ahal izan nuen, baina beste batzuk, aldiz, hala ulertu nuen nik behintzat, batzuk besteekin nahastearen ondorio ziren, edo, besterik gabe, berak asmatuak. Galdetu ere ez nuen egin, garrantzi gutxiko gauza iruditzen zitzaidalako niri. Koadro bakoitzean, berak errealitateari hartzen zion zentzua sentitzen nuen nik taupadaka, eta halaxe sentitzen nuen lantegia, alegia osagai bizigabeak ez ziren beste gauza guztiez gainezka. Amaitutako koadro bakoitzak, baita amaitzeke zituenak ere, berea ez zen bizitzaz janzten zuten berezko taupada baten jabe zirudien. Bai, magikoa den zerbaiten aurrean zaudenean bezala, halako zerbait zen sentitzen nuena. Berak bizi izan zituen lekuen parte zirela, berak bisitatu edo pasieran ezagutu zituen tokiak zirela, hala esplikatu zidan Angelek berak, eta gogoan gorde eta pinturaren bidez berriz pizten ahalegindu zela».

 

Naturak dituen osagaien artean, ez dira beti ederrenak edo exotikoenak nabarmentzen, baizik eta jarduera piktorikoak berak goraipatzen ditu hala nahita, benetakoa ez dirudien edertasun bat azpimarratuz haiengan, ametsen edo irudimenaren mundukoa omen dena, Pirandellok edo Arrabalek ulertzen zuten hala berean, oroitzapenak bateratzeko artearen modura, eta «magikoa den zerbait» horrek ezin hobeto adierazten ditu modu horretako lanak. Dena den, koadroak estudio batean ikusi ahal izateak, hala moduz pilatuta denak, agian amaitu gabe oraindik, beren sorlekuan bertan ezagutzeko aukera ematen dizu, hondakinaren, zatarreriaren, pilatzearen eta orden gabeziaren errealitatea –eta materialtasuna– haiengan dagoela. Ametsetako lanaren ezaugarriak areagotu egiten dira, erakusketa orok izan ohi dituen linealtasuna, garbitasuna eta argitasuna saihesten dituen heinean. Masipen lantegira gonbidatutakoak, sortzailearen beraren memoriako aintziran murgiltzeko aukera zuen, edo, beste modu batera esateko, bere bidexkak ireki zitzakeen berea ez zen basoan barrena. Baina erakusketa bisitatzen zuenari, irudimena baldintzatu egiten zuen irakurketa bat inposatu egiten zitzaion, batzuetan ere baztertzailea zen zentzuaz.

 

 

Der Waldgang (prosesuan dagoen lana), 2010
Der Waldgang (trabajo en proceso), 2010

 

Ez da harritzekoa, beraz, paisaiak pintatzen zituen margolaritzat jotzen zuten betiko iritzien kontra ahalegindu izana. Eta aurren-aurrena, berak ez zuela margotzen frogatzea izan zen, baizik eta instalazioak sortzen zituela, eta instalazioaren osagai garrantzitsua pintura zela, bai, baina ez bakarra. Antzerkirako nire zaletasunagatik-edo, Masip eszenografo baten gisan irudikatzen dut, eta horrek honako hau pentsatzera narama: benetan berak egiten duena espazio bisualak sortzea da, eta, hor, planoan egindako irudikapen klasikoari, besteak beste hiru dimentsioetakoa, euskarria, zeharkako eta atzeko ikuspegia edo gaineratutako argiztapen elektrikoa gehitzen zaizkio, berezkoak dituen baliabide plastikoen aniztasunarekin batera. Aniztasun horretan, argitaragabeko testu batean Masipek berak adierazi zuen bezala, «inpresio grafikoak, eraikuntzarako materialak sartzen dira material piktorikoaren gisa, eta marrazkia edota irudi digitala osagarri bisualaren modura». Bere piezek, horrela, paretari ihes egiten diote, existitzen ez den marko baten ustezko mugak gainditzen dituzte, eta, pintore eta eskultore barrokoek, forma, ekintza eta denbora irudikatzeko orduan, bakoitzak beretzat nahi zuen lehentasunaren aldeko eztabaidetan bezala, pintura izatetik eskultura izatera igarotzen dira, eszenografia gisa irudikatzeko azkenean.

 

Miradas críticas izenburupean, 2008an, MUSACen ospatu ziren jardunaldietan, Javier Hontoriak «Angel Masip. Paisaia, eraikitzen» izeneko hitzaldi argigarria eskaini, eta, bertan, honako hau utzi zuen esanda: «Bere lanak, dudarik gabe, gogoeta egiten du pinturak gaur hartzen duen tokiari eta zereginari buruz, inguratzen duen espazioari begi-keinuak etengabe egiten dizkio, artea luxuzko objektu gisa irudikatzen duen ikuspegi modernista hausten du, zubiak eraikitzen ditu pinturaren eta diseinuaren artean, publizitate-estrategiak ibiltzen ditu, eta, gure itzulerako bidean, pintura klasikoaren idealarekin jolasten da. Hor dago Masipen aberastasuna, pintura klasikoaren erroen eta mundu garaikideko birtualtasunaren artean dagoen lekuren batean». Hala da, Masipek margotzen badaki –eta ezin da hori egungo margolari askoren gainean esan–, baina bere maisutasunaren erakustaldiak egitearekin konformatu ordez, gaur irudikatua izatea merezi duen hori zer den zalantzan jartzen du. Harentzat, egiteagatik egitea ez da nahikoa. Badu gaur egungo abiaduraz ere aritzeko gaitasuna, baina ez du egiten. Ibiltzen da ere azokak eta erakusketak bisitatzen, estetikari eta filosofiari buruzko saiakerak irakurtzen, eta azken joerei eta modei adi, baina ez ditu jarraitzen. Iraupen luzeko lasterketa da berea, eta, denbora, hor, ez du premiak neurtzen, ardurak baizik. Ez dut nik sortzen ikusten tradizioari bizkarra emanda, eta bizi duen garai historikoaren gaineko kontzientziarik gabe ere ez.

 

 

Der Waldgang, 2010. Instalazioko ikuspegia. Elcheko Kongresu gunea (Alicante)
Der Waldgang, 2010. Vista de la instalación. Centro de Congresos de Elche (Alicante)

 

Teknikan ez ezik, kontzeptualizazioan pizten da ere Masipek erakusten duen klasikotasuna. Kontzeptuak irudikatzeko gaitasunak osatzen du bere alderdi garaikidea, eta, hor, garai guztien begi-keinu bat balitz bezala, forma klasikoak lekua hartzen du: gaur egungoa eta itxuraz zehaztugabea dirudien aurkezpena, hausnartutako eta neurtutako irudikapena egiteko. Ustezko kontraesana bere azken lanetan agertzen da. Haietan, paisaiaren forma naturalak porlana bezalako material guztiz hirikoekin eta antinaturalekin lantzen ditu. Horrela, eszenografia osatzen duten osagaiek gatazka azpimarratzen dute, eta artistaren obra, dagoeneko, ez da drama baterako paisaia, baizik eta paisaia bera da drama. Orduan agertzen du pintoreak bere burua benetan den bezalako: dramaturgo gisa; baina bere drama hitzik gabe eta pertsonaiarik gabe sortzen duena, eta bai, ordea, formen eta testuren, presentzien eta gabezien, oroitzapeen eta elipsien arteko gatazkekin.

 

Etapa berri hori, 2003an Perder edo Una larga espera bezalako piezekin abiatu bazuen ere, ageriko bihurtzen da Der Waldgang bere proiektuaren eskutik, 2010ean aurkeztu zuena hain zuzen, Elxeko Kongresu Zentroan (Alacanten). Ernst Jüngerrekiko bere gogoa erakutsiz, margolariak ustezko “paseoa basoan barrena” planteatzen du, bere izatearen jakitun den norbanakoaren erbesteratzea bezala. Baina ez da bakarik artistaren erbesteratzea, bisitariarena ere badelako. Margolariak ez dio paisaiari bere horretan bakarrik begiratzen, baizik eta hura berriz sortu eta erakutsi egiten du. Aitzitik, ezagutu egin du, hori izan da aurreneko egitekoa, eta ibili ere bai, are gehiago, bere inguruari azkeneko soa botako dion erbesteratuaren modura bizi izan du, harriduraz; ondoren berriz sortu du, eta bere iragana berriz sortu nahi duen erbesteratuaren antzera, irudikatu egin du bere fantasian, zehetasun txikiena ere kontuan izanda, baina zati batzuk ezin gogoratuz, horregatik daude batzuk akatsik gabe egindakoak, eta beste batzuk, berriz, zirriborratuak baino ez; eta, azkenik, bisitariari eskaintzen dio, haren inguruan paseatu dadin, baina sekula ez zeharka, ikusten ari garen erbesteratzea ez baita bakarrik artistarena, gurea ere delako, guk jarri baitugu artifizio samingarri eta zimel bat paradisu natural bat zegoen lekuan.

 

 

Der Waldgang#2, 2009
Der Waldgang#2, 2009

 

Der Waldgang lanaren bitartez, Angel Masipek basoaren edertasun naturala irudikatzen du hirikoak diren osagaien laguntzaz, basoaren guztiz kontrakoak direnak. Osagai horien erabilerak lan handia eskatzen du, hala ere, ezin hobeto zaindutako utzikeriaz daude batzuk besteen gainean jarriak. Ondorioz, drama horretako aktore bakoitza autonomoa da: gainjarritako porlana, paper luzexkaz egindako geruzak, bastidorea, fluoreszenteak, eta, batez ere, basoaren itxura eduki bai, baina horma baten testura duten irudiak. Obra, horrela, berezkoa duen erreferentziatik urrun erbesteratua dago, eta ikusleak ezingo dio bere buruari galdetu bere harremana munduarekin eta artearekin neutrala den norbaitena izaten jarraitu behar ote duen ala bere burua erbesteratutzat onartu eta ireki berri diren prozesu horietako batean parte hartu behar ote duen.

 

Urrats bat besterik ez dago A New Order izeneko antipaisaiaraino, Pilar eta Joan Miro Fundazioak eman zion 2010eko Berrikuntzaren aldeko Sariari esker garatu ahal izan zuen proiekturaino hain zuzen. Sari horren asmoa esperimentazioa lantzea da, segidako tekniken alorren barruan, eta Masipek aukerari etekina ateratzen dio, neurri handiko obrak eginez, merkaturatzeko ohizko bideei kontra egiteko. Egia esatera, «orden berri» hori guztia aurka egite bat da. Katalogoko testuan, Octavio Zayak honako hau esaten du: «artista modura duen zeregina ez da kanpo-errealitateko zirkunstantziak eta gorabeherak menderatu eta kontrolatzea, denborari erronka botatzea baizik», eta hor dagoena «hizkuntzak esperientzia ordenatzeko eta egituratzeko duen formarekin egiten den esperimentu bat eta hari buruzko duda bat planteatzea da, testuak ikusle izateko esperientzia oztopatzeko edo ahalbideratzeko duen gaitasuna esploratuz».

 

 

A New Order, 2010. Erakusketako ikuspegia. Espai Cubic.
Mallorcako Pilar eta Joan Miró-ren Fundazioa.

A New Order, 2010. Vista de la muestra. Espai Cubic.
Fundación Pilar y Joan Miró de Mallorca.

 

Pieza horietan ematen den manipulazioa, batzuetan testuak irudien gainean jarriz egiten da; hortxe egongo lirateke Anywhere edo Somewhere Not Here bezalako adierazpen xume baina anbiguoak. Ondoren, Aurelio Edler-Copes musikariarekin arituko da, Nomadismi (2011) taldeko erakusketan, Espainiako Errege Akademian, Erroman. Hitza, eta kasu horretan, musika ere bai, lantresna berriak dira pintorea baino zerbait gehiago den norbaitentzat. Der Waldgang proiektuko katalogoarentzat, Tania Pardori eskaini zion elkarrizketan, honako hau aitortzen zuen: «Pinturan gehien interesatzen zaidana ez da forma, baizik eta edukia, hau da, jarrera. Pintura, espresiobide gisa, eskultura edota bideoa bezainbeste edo bezain gutxi interesatzen zaidala konturatu naiz. Egia esatera, ez dakit gauzen gaineko nire ikuspuntua pintore batena ote den ere; hausnarketaren eta analisiaren aldeko nire jarreraz jakitun naiz, baina ez dakit ongi zer esan haiei buruz dudan nire usteaz. Bitartekoa zein den ez nau gehiegi kezkatu sekula». Adierazpen hori paradoxikoa dela deritzogu, Masipek garrantzi handia ematen diolako teknikak kontu handiz kontrolatzeari, baita haien kontrako bere iritzia adierazteko orduan ere; baina, aldi berean, ez zaigu ironia bat iruditzen, baliabideari buruz agertzen duen ardura ideia bat, edo, beste modu batera esanda, hitzez adierazten zaila den sentsazio bat artistikoki adierazteko duen aukera delako. Ideia, sentsazio edo jarrera hori beste baliabide batzuen edo ezberdinen arteko batuketaren bidez hobeto adierazteko aukera egongo balitz, orduan egin-egin daiteke, eta egin-egin behar da gainera. Paisaia erabili behar bada, paisaiaz arbuiatzen den hori seinalatzeko, orduan horrela egin behar da; mihise gaineko pinturak eskaintzen digun ikustaldi atseginaren aurka egiteko, hodi fluoreszente bat behar badugu, orduan horrela egin behar da; urbanismo modernoaren antinaturaltasuna azpimarratzeko, porlana erabili behar badugu, orduan ere horrela egin behar da. Hitzak, musika eta bestelako baliabide bat aldez aurretik pentsatutako irudien gaineko gure begirada garbitzeko baliagarriak badira, Angel Masip haiei etekina ateratzeaz arduratuko da zalantzarik gabe, artistaren jarrerak ematen baitio bere lanari entitatea, eta ez bakarrik bere teknikaren bikaintasunak, harrapaezina den bere edertasunak edo garaikidea izateko bere izaera klasiko eta erradikalak.

 

Erroman, 2011ko ekainaren 15ean

Descargar catálogo “Ángel Masip Works 2009/2011” en formato PDF.